Entzuteko gutxi eskaintzeagatik izan da entzuna Juanma Bajo Ulloa (Airbag, 1997; Alas de mariposa, 1993) ) gasteiztarraren azken proposamena: Baby (2020), amatasunaren gaiari heltzen dion thriller dramatikoa. Filmak irauten dituen 106 minutuetan zehar ez dago elkarrizketarik. Horrek, ordea, ez du esan nahi filma soinurik gabekoa denik. Min aharrausiak, negar zotinak eta Sitgesen saritua izan zen Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarterek sinatzen duten soinu-banda; hirurak txirikordatu egiten dira balio espresibo handia duen isiltasunarekin.
Hitzik gabekoa da filma, ez ordea mutua. Zinemak fetitxizatu izan ditu kausa eta ondorio argien arabera azaldu daitezkeen gertaerak, hitzetara itzuli zitezkeenak. Bajo Ulloak, baina, apurtu egiten du errealitatera lotzen gaituen hizkuntzaren katea eta dialogo bisualen alorrera garamatza, hitzekin esan beharreko guztiak jada esan direlakoan. Hitza ezabatzeak, hizkuntza berri oso bat eraikitzeko aukera ematen dio zuzendariari, sentsoriala eta metaforikoa, gorputzen eta espazioen miatze plastikoa ahalbidetzen duena eta narrazioaren pisua irudiari eskaintzen diona.
Irudi hutsen ahalmen zentzuemailearen adibidetzat hartu daiteke hasierako sekuentzia zoragarria. Muntaketa paraleloaren bitartez txandakatu egiten dira natura basati eta ederraren, sublimearen, irudiak eta emakume protagonistaren erditzea, sorkuntzaren miraria. Hunkigarria bezain zirraragarria, hasiera benetan potentea. Orduan jaio egiten da umetxoa. Txikia, itsusia eta zalapartatsua, putreen hegaldi dotorearekin edo oreinkumeen fintasun atletikoarekin zer ikusirik ez duena. Hor dugu gizakia, mundu honetan arnasa hartzen duen lehen mementotik zaurgarri eta babesgabea.
Zer geratzen zaigu bada, hitza desagertuz gero? Gorputzak. Kasu honetan, ez edonolakoak: emakumezkoen gorputz zahar, haurdun, elbarri, zauritu, odoltsuak… Historikoki hegemoniarekiko bazterretan bizi izan direnei, eremu sakratuetarako sarrera debekatua zuten horiei ematen zaie espazioa, ez soilik pantailan haien presentzia bermatzen delarik; filmak espazio fisikoa eskaintzen die normara doitzen ez diren hauei, naturak irenstear dagoen etxea, gertakizun ilunen agertoki nagusia. Gorputzen tratamendu berezi honen bitartez, dekadentziaren azterketa egiten du Bajo Ulloak, ustelkorra den heinean, gizatiarra den ororena. Apartekoak, beraz, hirukote maltzurraren (Natalia Tena, Mafalda Carbonell eta Harriet Sansom Harris) zein Rosie Day protagonistaren antzezlanak, ikuslearen arreta osoa haien haragi eta keinuetan harrapatzeko kapazak.
Normaren aurka altxatzen dira gorputzok, geure iruditegia astintzeko indar adina baduten irudi erronkariak sortuz. Zuzendariaren marka den dekadentzia makabroak, hala ere, edertasuna bilatzea du helburu: deskonposaketaren (moral zein fisiko) artean topatu daitekeen nakarrezko txupetea aurkitzea. Finean, lirikoa eta sentsuala da filma, sinbologia zeharo deigarriaz betea eta guztiz deslokalizatua (Arabako paisaia erraz antzematen bada ere), hartara, ipuin gotikoen antza handia hartu diezaiokegu. Zaldi zuria, hildako umeak, hilerriak, armiarmak, sinbologia kristaua, jostailu beldurgarriak… Kitsch puntutxoa ere paregabe doakio.
Hasierako minutuetan elkarrizketa falta gogaikarri xamar egiten bada ere, filmak aurrera egin ahala, hitzen beharra disolbatuz doa eta esperientzia sentsorialera askatzen duzu zeure burua. Jauzian, atmosfera arraroak, tentsio gordinak eta heriotzaren pultsio etengabekoak harrapatuko zaituzte, eta doi-doi kulunkatuko amaiera gozoraino.
Apustu arriskutsua da Bajo Ulloak honetan egin duena. Nire iritziz, asmatze borobila. Rey gitano (2015), bere azken fikzioko lanak suposatu zuen gainbeheraren ostean, erredentziorako parada izan daiteke Baby; ironia galanta, izan ere, bigarren aukeren garrantziaz mintzatzen da filma. Dagoeneko, nazioarteko jaialdietan zehar hasi du bere ibilbidea zintak eta, zin dagizuet, inor hotz uzten ez duen lan horietako bat dela. Gurera aste honetantxe helduko da Baby, abenduak 4rako baitago programatua aretoetan estreinaldia.
Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.