'Akelarre'

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Santamaria Vidan 2020ko urr. 10a, 12:00

'Akelarre'

"Sorgin ehizaren irakurketa interesgarria, batzuentzat gozoegia dena..."

Zinemaldia behin amaituta, oraindik filmak dastatzeko gogoz zabiltzala? Bada, jantzi gona, ondo lotu zapatak eta heldu ilea, akelarrea hastera doa eta!

Pablo Agüero argentinarrak zuzentzen du Euskal Herrian 1609. urtearen inguruan jazotako sorgin ehizaren inguruko zinta hau; ospatu berri den Zinemaldian lehiatu dena. Ana (Amaia Aberasturi) eta bere lagunek lanean eta kantuan ematen dituzte egunak, espainiar erresumako Rostegui epailea (Alex Brendemuhl) kostako herrixkara heldu eta, sorginkeria leporatuta, atxilotzen dituen arte. Salbaziorako bide bakarra sorginkeria salaketa onartu eta hura haienganatzea izango da, epaileak sabbataren amets sakonean burua gal dezan.

Hala bada, filmaren gehiengoa ziegaren barruan garatzen da. Lau pareten artean egingo du gazteen irudimenak hegan eta, haien gorputz eta pertsonalitateek argiztatuko dute haien gainean, gutxika-gutxika, mamituz doan etorkizun iluna. Begirada guztiak erraz harrapatzen ditu, beraz, protagonisten antzezlanak. Batik-bat aurpegi ezezagunak nagusi badira ere, hortxe daukagu Amaia Aberasturi. Vitoria, 3 de marzo  (2018) filmeko protagonistak bete-betean lortzen du kamera sorgintzea, gozotasunaren eta basakeriaren artean maisuki mugitzen baita. Aipatzekoa ere, Jone Laspiur, Zinemaldian bertan, Ane (2020) aurkezten izan duguna.

Suaren dardara bezalakoa da akelarrea, liluragarri bezain arriskutsua. Modu bikainean harrapatzen dute horixe irudiek: konposizio ederrek nabarmentzen laguntzen dute argi-ilunen trataera fina eta, kontrastea zorrotzagoa egiten gertakarien ebazpenera hurbildu ahala. Presondegiko ilunpean ere, itxaropen argi zirrikituak baino ez dituzte topatuko protagonistek, zenbaitetan, atxiloketa gertatu aurreko egunerokotasun lasaia gogoratzera eramango dutenak.

Filmaren tonu orokorrari dagokionez hautu erabakigarria egiten du zuzendariak. Drama historiko gordinetik aldendu eta fabula arinagoaren kutsua hartzen baitu filmak. Tortura eta emakumeek bizitako sufrikarioaren eszenak ez dira batere esplizituak. Pisu gehiago hartzen du lagun taldearen bizirauteko nahiak sorgin ehizaren krudeltasunak baino. Sekuentzia gogorrak badaude ere, oro har, sorgintzat hartuak izan ziren emakumeen "normaltasuna" azpimarratzea bilatzen da. Egunez lan, gauez basoan barrena horditu eta dantzatu baino ez zuten egiten geure neska gazteek.

Bisualki atsegina, umore ilunak zipriztindua eta historia eraikitzeko moduen inguruko hausnarketa. Sorgin ehizaren irakurketa interesgarria bideratzen du Agüerok, batzuentzat gozoegia izaten amaitu dena. Hala izan edo ez, norberak erabaki beharrekoa dugu. Dena den, Akelarre ikustera hurbilduz gero, ziur nago hurrengo egunak "sorginen" kanta burutik atera ezinik ibiliko zaretela.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago