'Las niñas'

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Santamaria Vidan 2020ko ira. 18a, 12:00

Arg: 'Las niñas'

"Neska gazteen lan apartekoek bizitzaz eta naturaltasunez betetzen dute kontakizuna"

Irailaren 4an ailegatu zen zinemara Las niñas, Pilar Palomerok zuzendu eta idatzitako fikziozko lehen lan luzea. Oraindik oso ezaguna egiten ez bazaigu ere, luze darama lan zinematografiko ezberdinen atzean, argazkilaritza zuzendari (Señales de Indiferencia, 2006); gidoilari (Chaco, 2020); zein lan motzagoen buruan, zuzendari lanetan (Niño balcón 2009, La noche de todas las cosas 2016,  Zimsko Sunce 2017, etab.).  Bigas Luna edo Bela Tarren mailako zinemagile sona handikoekin lan egindakoa dugu ere eta Sarajevo Talents (2016) eta Berlinale Talents (2017) programetan parte hartzeko aukeratua izan da.

Halako curriculumarekin kalitatezko filma espero ahalko genuke eta… (adi, spoilerra) hala da!, itxaropen guztiak asetzen ditu Palomerok. Andrea Fandos (Celia), Zoe Arnao (Brisa) eta Julia Sierra (Cristina) gazteak dira 1992ra garamatzan debut xarmagarri honen aurpegi nagusiak, kamera aurrean zein atzean emakume izen ugari batzen dituena.

Filmaren mamia garatzeko bere gaztaroan oinarritu zen Pilar Palomero. Izan ere, Celia protagonista bezala, bera ere Zaragozan jaio eta hezi zen, bai eta mojek gidatutako eskolan ikasi ere. Hala, maisuki erretratatzen ditu zinemagileak garaiko Espainiaren indar dibergenteak: batetik, mojen hezkuntzak islatzen duen gizarte kontserbadorea eta, bestetik, ikastetxetik kanpo zabaltzen den helduen mundu kitzikagarria.

Bi noranzko horien artean  aurrera eta atzera dabil Celia, 11 urteko neska. Egun osoa etxetik kanpo lanean ematen duen ama gazteak (Natalia de Molina Goya irabazlea) etorkizun oparoagoa eskuratzeko bidean hezi du alaba. Bartzelonatik Brisa izeneko ikaskide berria klasera heltzearekin batera, ordea, Celiaren barrenetan jaiotako hamaika galdera eta ardurak azaleratu egingo dira. Elkarrekin, nerabezarorako lehen pausoak emango dituzte, etxe barruko zein kanpoko gezurrak eta egia erdiak desestaltzearekin batera. Heroes del Silencio, Niños del Brasil edo Chimo Bayoren kanten erritmora, eta eskolako uniformea soinean, Celiak ahots propioa aurkitzeko bidea abiatuko du bihurrikeri artean.

Garaia bizi zutenentzat harribitxia bihurtuko den itxura du. Dena dela, ez da 90. hamarkadako postal nostalgiko hutsa. Izan ere, neska gazteen antzezlan apartekoek bizitzaz eta naturaltasunez betetzen dute kontakizuna, eta haien barre konplizeek  pantaila zeharkatzea lortzen dute.

Begirada arretatsuak gidatzen duen kamera askeak hurbiletik jarraitzen ditu Celiaren keinuak, estilo intimistaren maitaleentzat gozagarri. Argazkilaritza lan finak eta nesken lan karismaz beteek ikuslea segituan harrapatzeko gaitasuna dute. Harrezkero, erdialdera filmak erritmo dezente galtzen badu ere, dagoeneko oinarri erakargarria eraiki du istorioak, amaierako eszena hunkigarriak guztiz biribilduko duena.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago