'Bihurri'

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Santamaria Vidan 2020ko ira. 3a, 17:54

'Bihurri, jauretxetik kale gorrira'.

"Tankera honetako filme gehienak ez bezala, istorioa ez dago etengabeko moralkeriaz beteta".

Zinemaren industriari eta bertoko zinema aretoei babesa erakuste aldera zabaldu dira, azken asteotan, #NiZinemaraNoa edo #ZineMina traolak. Osasun larrialdia zela eta martxoan aretoak hustu eta gero, kosta egin izan zaio sektoreari publikoa berreskuratzea. Orokorrean, konpainia handiek ez dute arrisku handirik hartu nahi izan eta estreinaldiak atzeratu edota plataforma digitaletara mugatzeko apustuaren alde egin dute. Hor dugu, abuztuan estreinatzekoa zen Disneyren Mulan-en (2020) adibidea; azkenik, Disney+ atarian ikusgarri egongo dena ia-ia 22 euroren truk. Momentuz ortzi mugan daukagun blockbuster bakarra Tenet (2020) dugu, Christopher Nolan zuzendari ospetsuaren azken lana, abuztuaren 26an estreinatu zena.

Zorionez, egoera oso aldekoa ez izanda ere, garai honetan, obra txikiagoek argitu dituzte areto ilun handietako pantailak. Era berean, ez da oharkabe pasa zinemaren historiako hainbat altxor proiektatzearen erabakia.  Zirkuitu handienetatik kanpo ere, zut mantentzen den zinema ederra badagoela baieztatzeko aukera izan dugu azken hilabeteotan zehar.

Zinema aretoak, geure txoko kuttuna, berreskuratu baditugu ere, berriz elkartze hori ez da adin guztientzako posible izan. Izan ere, azkenaldian, faltan bota izan dira etxeko txikienen neurrira egindako filmak. Horixe konpontzera doa aste honetako nire gomendioa, erritmoz betetako kontakizun jatorra: Bihurri, jauretxetik kale gorrira. Zineuskadiren Zinema Euskaraz programari esker, hainbat aretoetan euskaraz ikusi daiteke filma, besteak beste Gorbeia zinemetan (Gasteiz).

Shrek (2001), Shrek 2 (2004) eta Etxean bakarrik (1990) ezagunen produktoreen eskutik ailegatu da Bihurri…; hori bai, aurrekoek baino aurrekontu askoz murriztuagoarekin. Hori kontuan izanda ere, animazio lana maila handikoa da, Vanguard Animation  –Valiant (2005), Space Chimps (2008)-  estudioaren kontu.  Zuzendariari dagokionez, Kevin Johnsonek ere badu bere itzala animazioaren munduan. Zuzendari lanetan hau bere bigarren film luzea baino ez bada ere, animazio departamentuan, Alvin eta urtxintxak 3 (2011)  edo Burdinezko Erraldoia (1999) bezalakoetan lan egindakoa dugu.

Filmaren argumentua sinplea bezain eraginkorra; bai eta, gaztetxoen zineman milaka aldiz errepikatutakoa ere: bizitza oparo eta luxuz beterikoaz gozatzen du Bihurri txakurrak, egun batetik bestera jabe maitekorra hil egiten den arte. Atsoak utzitako herentzia milioiduna harrapakatzeko prest, etxean aurkezten dira ilobak eta, gertatukoaz oraindik jabetu ez den Bihurri gixajoa, kale gorrira bota egiten dute. Hala, muturra zikintzen ikasi beharko du txakur panpoxak, hiri handiaren burrunban kaleko txakur bihurtua, Zoe musikari-gai gaztearekin topo egiten duen arte. Elkarrekin, lau-hankadun lagun berriak egingo dituzte eta, Zoeren ametsa alde batera geratu gabe, iloba diru-goseen planetatik iheska ibili beharko dira.

Animazio koloretsu eta erakargarriari gehitu beharra zaio soinu banda dinamikoaren atzean, Jessica Weissek –Addams familia (2019)-  egindako lan aparta. Azpimarratu nahiko nuke, gainera, tankera honetako filme gehienak ez bezala, istorioa ez dagoela etengabeko moralkeriaz betea. Txikiekin lantzeko moduko balio ugari ukitzen baditu ere,  zantzuak dira horiek errepikapen melengak baino gehiago.

Zalantzarik gabe, bai txikiek, zein helduek gozatuko dute apaindura zaratatsuen beharrik gabe ikuslea entretenitzea lortzen duen film hau. Izan ere, oinarrian hain sinplea dirudien premisa betetzea lortzen du Bihurri txakurraren istorioak: zinematik irribarretsu (eta urtxintxen  antzera dantzan ere, nork daki) ateratzea.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago