Gaur, Gazan

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Santamaria Vidan 2020ko uzt. 13a, 11:00

'La familia Samuni'

"Komunitateko umeek tiroz josita aitaren gorpuaz hitz egiten dute asaldatu gabe"

Nazioarteko zinemaldi ezberdinetan harrera primerakoa jaso eta gero (Canneseko jaialdian L’Oeil D’or dokumental onenaren saria irabazi zuen 2018an), gure pantaila handietan izan da La Familia Samuni dokumentala.

Berun Urtu operazioa izenpean ezagutzen da Israeleko armadak palestinarren aurka egindako erasoa, 2008ko abendutik 2009ko urtarrilera jazo zena. Garaian, mugak guztiz itxita bazeuden ere, Gazara ailegatzea lortu zuen Stefano Savona zuzendariak eta, bertan, erasoen mehatxupean garatzen zen egunerokotasunaren erretratua filmatu zuen Cast Lead (2009) dokumentalean.

La familia Samuni garai horretantxe filmatzen hasi zen. Armada israeldarrak erasoa eten zuenean, Gazarantz abiatzeko aukera izan zuen Savonak eta hiriaren inguruko landa-eremuan Samuni nekazarien komunitatea ezagutu zuen. Zuzendaria ailegatu baino aste batzuk lehenago, israeldar indarrek Samuni komunitate baketsuko 29 lagun erail eta haien lurraldea guztiz suntsitu zuten. Paradisu emankorra zen hartatik, olibondo bakan batzuk baino ez dira geratzen hondarren artean eta umeek tiroz jositako aitaren gorpuaz hitz egiten dute asaldatu gabe.

Dokumentala, hala eta guztiz ere, ez da masakrearen edo familiaren dolu sakonaren berri ematera mugatzen. Zuzendariak uko egiten dio "biktima" kategoria murriztaileari, ikuspegi horrek ekar ditzakeen arazoez guztiz kontziente: "Banako bezala desagertzen dira, bakoitzaren pertsonalitatea eta aniztasuna ezabatzen da. Gertaeratik harago diren guztia, ziren guztia eta, hein batean, etorkizunean izango direna desagertzen da. Nik Samuni familiari existentzia bueltatu nahi nion, gertaera zorigaiztokoaren pisuaren azpian bai hildakoak zein biziak ehorzteari utzi".

Planteamendu egoki bezain beharrezko horretan errotuta, filmak erasoaren aurreko zein ondorengoko komunitatearen bizimodu arruntera hurbiltzen gaitu: umeen jolasak, etxearen garbiketa edo ezkontza ospakizunak. Savonak filmatutakoari, Simone Massiren animazio lan ederra gehitzen zaio, iraganeko bizitzaren edo erasoaren beraren eguneko irudiak sortzeko. Marrazkion trazu urduri eta aldakorrek montaje poetikoagorako bidea irekitzen dute, animazioak errealitate lazgarrienak jorratzeko duen ahalmenaren inguruan hausnartzeko aukera ematen duten bitartean.

Mina eta suntsipena ezkutatzeko beharrik gabe lortzen du dokumentalak Samuni familiako kideen distira harrapatzea. Hala, biktima eta heroien paradigmatik urrunduz, auziaren protagonista zuzenak diren horiei ematen die ahotsa, etorkizunera irekita dagoen kontakizun zintzo bezain latza aurkeztuz. Ikusi beharreko obra zinez txukuna dugu La Familia Samuni.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago