'Xulia'

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Santamaria Vidan 2020ko eka. 11a, 11:00

Arg: 'Xulia'.

"Xulia bere burua baino askoz gehiago da. Belaunaldi oso baten oihua da. Memoria bizia da"

Ekainaren 14rarte Filmin plataforman ikusgai dago Xulia. Xulia idazlea da, galiziarra eta erretzailea. Bere izena daraman filmaren protagonista ere bada. Xulia, ordea, ez da antzezlea, ezta agentziarik gabeko pertsonaia ere. Xulia belaunaldi oso bat da. Xulia milaka amen mina da. Xulia memoria bera da. 

1985eko neguko egun eguzkitsua gogoratzen du Xuliak. Garai hartan, bere bikotearekin batera, Biurrun ondoko desintoxikazio etxean bizi zen. Gunea inguratzen zituzten altzifre eta izeiez oroitzen da Xulia. Zuhaitzon babesean, mendekotasunari aurre egin zieten biek, heroinara inoiz bueltatuko ez zirela erabakita, elkarrekin umea izateko asmoa hartu zuten. 1985eko egun eguzkitsu hartan, baina, dena aldatu zen Xuliaren bizitzan. Bulegora deitu zuten eta egindako hiesaren proba positiboa zela jakinarazi zioten.

Hogeita hamar urte geroago, Nafarroako txoko hartara bueltatu da Xulia; oraingoan, Lur Olaizola zuzendaria alboan duela. Bere bizitzako garai zoriontsu zein lazgarrienen ordezko izan ziren paretetatik ez da ezer geratzen. Desintoxikazio etxea eraitsia izan zen eta paisaiarekin nahasten dira behin babesleku izan zenaren zimenduak. Ez dago eraikinik. Ez dago iragana gorpuztuko duenik. Ez dago maitasun horren, ezta min guztiaren oroitzapenen pisua sostengatu dezakeenik.

Iraganetik ez da Xuliaren narrazioa baino beste ezer geratzen. Mantra moduan errepikatzen diren hitzak, doinu indartsua edo ahoskera dardartia, horiek denek eraikitzen dute Xuliaren historia. Irudiek ordea, baso berdea baino ez digute erakusten. Han doa ikuslea, Xuliaren atzetik, isil-isilik; izan ere, kamera itsua da haren minaren aurrean. Protagonistaren ahotsak, bizipenek, gelditzeko eskatzen digute, gelditu eta atzera begiratzeko. Kamerak aurrera jarraitzen du. Beti aurrera, beti aurrera. 80ko hamarkadara daramatzaten argazkiak erakusterako orduan ere ez da kamera gelditzen.

Bistari ihes egiten dio lehenaldiak, baina hor dago bera, Xulia, zutik, geldi. Berak eta bere ahotsak irekitzen diete atea iragandakoari, bere presentziak egiten digu gogoratzeko gonbita. Xulia bere burua baino askoz gehiago da. Belaunaldi oso baten oihua da. Memoria bizia da.

Pintzelkada biografiko gutxi batzuk, azalean bizi diren sentimenduak eta ingurua miatzen duen kamera. Zehaztapen gehiegirik ez du eskaintzen zuzendariak Xulia Alonsoren bizipenetara gerturatzeko. Izan ere, bere buruaz esan beharreko guztiak idatzita utzi zituen Futuro Imperfecto liburuan. Bide guztiak irekita, beraz; esperientzia pertsonaletik belaunaldi oso batek bizi izan zuenera doan jauzia ahalbidetuz. Memoriak bezala, filmak ez dio forma zehatzei heltzeko beharrik. Memoria-ariketa eta hausnarketa aktiboa bihurtzen da.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago