"Roma"

Erabiltzailearen aurpegia Zigor Etxebeste 2019ko urt. 12a, 10:00

'Roma'.

"Irudiek transzendentziarako bidea hartzen dute, askotan narrazioa alde batera utzita".

Mexikoko zineak 1936tik 1959ra bitartean Urrezko Aro bat izan zuela esan ohi da, eta uberari jarraiki, zine historialari eta kritikari askok 2000tik aurrera beste berpizkunde bat ikusi dute, bertoko zinegile batzuk nazioartean izandako arrakasta eta oihartzunari lotutakoa. Hor ditugu Alejandro Gonzalez Iñarritu, Guillermo del Toro, Carlos Reygadas, Michel Franco, Amat Escalante edo Tatiana Huezo, guztiak nazioartean zein zinemaldietan sarituak. Hauen artean, Alfonso Cuaron sartu behar da, noski, aipatu dugun zinemagintza mexikarraren olatu berri honen ordezkaririk heterodoxoen. Mexikotik irten zenetik lan zeharo desberdinak gauzatu ditu: Fantasiazko saga ezaguneraren hirugarren atala egin zuen (Harry Potter eta Azkabango presoa, 2004), kezka sozialeko distopian murgildu zen (Children of Men, 2006), eta hiru dimentsioko zientzia-fikzioarekin ere ausartu zen (Gravity, 2013). Aurten bere jaioterrira itzuli da, eta oso lan pertsonal eta kutuna aurkeztu du: Roma.

Cuaronek bazuen aspalditik haurtzaroko oroitzapenei buruzko zerbait egiteko asmoa, eta Libo bere inudea lokarri bezala hartuz (filman Cleo deitzen da) 70eko hamarkada hasierako Mexiko Hiriko Roma auzoan bizi den erdi mailako familia baten gorabeherak erakustsiko ditu. Baina Roma askoz gehiago da, eta zuzendariak dioen moduan, filmak maitasunaren misterioa aurkeztu nahi du, espazioz, memoriaz eta denboraz harago dagoela proposatuz. Egia esateko, Cuaronek, Reygadas eta Iñarrituk ere egin bezala, zinea lengoaia moduan erabiltzen du Roman, eta bere irudiek transzendentziarako bidea hartzen dute, askotan narrazioa alde batera utziz.

Hori gutxi balitz, Cuaronek estetika landu eta ederrarekin sortu du filma, zuri-beltz harrigarri batean, eta eraikitzen dituen planoei (batez ere jendetza agertzen den bakoitzean) dotoretasuna darie. Filmaren aurrekontua 15 milioi dolarretara iritsi da, eta horrek teknikoki aukera anitzak izatea erraztu du (garabiak, travellingak, jendetza mugitzea, eraikitako dekoratuak, 65 mm-tan filmatzea,…). Hala eta guztiz ere, Roma lan intimista da, eta garai eta leku zehatz bateko pertsonen bizipenak ditu ardatz bezala.

Filmaren pertsonairen batengana hurbiltzekotan, ikusleak Cleo neskamearekin bat egingo du, bera baita aldiro pantailan agertzen dena. Hala ere, nahiz eta erdi mailako familiak ondo zaindu, bere jatorri indigenak (misteka) bizitza baldintzatuko dio, eta bidegabeko egoerak sufrituko ditu, besteak beste haurdunaldi zail eta gogor bat. Azpimarragarria den beste pertsonaietako bat Sofia andrea litzateke (Marina de Tavirak antzeztutakoa, filmeko aktore profesional bakarrenetarikoa), familiako ama. Emakume den moduan testuinguruak ere baldintzatzen du, eta bere ezkontza ez zapuzteko egingo dituen ahaleginak alferrikakoak izango dira beti.

Honek guztiak, eta garaian Mexiko Hirian zegoen egoera larriak (1971ko Corpus eguneko sarraskia agertzen da filman), Sofia andrea, Cleorekin batera, familiako haurrak hartu eta Mexikoko golkora lekualdatzera bultzatuko du. Han, itsasoko uhinez eta eguzki argiz beteta, Roma itxiko duen eszenarik hunkigarriena ikusiko dugu, filmaren klimax emozionala eta ikuslean asaldura sortzen duena. Cuaronek horrela Cleo eta haurrak betirako lotuko ditu, eta Veneziako Urrezko Lehoia jasotzerakoan esan zituen hitzak bere asmoa laburtzen dute: "Filma hau, Libo, zureganako, nire familiarenganako eta Mexiko nire herriarenganako dudan maitasun handiak sortu du".

Roma pantaila handian ikusi eta gozatzeko zerbait da, baina tamalez oso zine areto gutxitan ikusiko da, hau izanik film eder honek duen paradoxarik handiena. Netflix plataformaren bitartez ekoiztu du Alfonso Cuaronek (dirudienez, berak nahi duena egiteko askatasun osoa lortu du konpainiatik), eta filma ikusteko aukera plataforma horren bitartez izango da. Ikus-entzunezko mundua, zinema barne, aspalditik eraldatzen ari dela argi dago, batez ere filmak kontsumitzeko garaian. Guzti honek galdera hau egitea dakar: film bat egiten den bakoitzean, zein mailara baldintzatuko du publikoak bukaerako produktua? Roma, beste film asko bezala, ez da berdin ikusten (edo entzuten) 10 metroko pantaila bateko aretoan, 50 hazbeteko telebistan, edo 6 hazbeteko mugikorrean. Hori argi dago.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago