'Rodin'

Erabiltzailearen aurpegia Zigor Etxebeste 2018ko ira. 4a, 16:34

"Bere xalotasun eta arrisku gabeziarekin ez digu zirrara handirik sortzen".

Naturak bere lana bukatzen al du?

Arte plastikoak zineman islatzea beti izan da zeregin zaila, eta aldi berean oso erronka erakargarria izaten da zinegileentzat, irudiz eta soinuz antolatutako arte narratibo bat erabili behar baitute margoz, eskulturaz edo arkitekturaz espresatzen diren artisten lanak erakusteko. Jakina, film biografikora jo dezakete eta ia ezinezko dirudien lana (artista plastiko baten obra zineman erakustea) aise konpondu daiteke bere bizitzaren gorabeherak bilbe melodramatiko batean sartuz. Zinemaren historian adibideak ugariak dira, eta artista (margolariak gehienetan) ospetsu askoren bizitzak pantaila handian ikusi ahal izan ditugu, hala nola Van Gogh, Michelangelo, Goya, Toulouse-Lautrec, Rembrandt, Caravaggio, Picasso, Andy Warhol, Pollock, Frida Kahlo, Turner…

Gauza bera gertatzen zaio Jacques Doillonek zuzendutako Rodin filmari, eta eskultorea eta bere obra erakusteko zuzendariak erabiltzen duen modua ez da ausartegia. Egia esateko, filma nahiko arrunta da eta ez du zirrararik sortzen. Aktoreek bere lana modu egokian egiten dute, Vincent Lindonek Rodin sinesgarri, obsesibo eta boteretsu bat aurkezten du, eta Izïa Higelinek Camille Claudelen gorabehera emozionalak ondo adierazten ditu. Biak batera agertzen direnean pasioaren bidea irekitzen da, horrelako film batengandik espero ditzakegun uneak sortuz. Hauekin batera, bigarren mailako pertsonai anitzek sarrera-irteerak egiten dituzte, behin bakarrik agertzen direla askotan, eta hau guztia joko bat bezala hartu dezake ikusleak, bere ezagutza artistikoa probatzeko. Horrela, erne dagoenak Rodinen garaikideak igarri ditzake: Victor Hugo, Mirbeau eta Rilke idazleak, Monet eta Cézanne margolariak edo Steichen argazkilaria.

Eta noski, filmak Rodinek gauzatutako eskulturei garrantzia ematen die baita ere, eta artista frantziarrak sortutako maisulanak antzeman daitezke, askotan bere tailerretik sakabanatuak eta aribidean daudenak. Han-hemenka buztinezko, igeltsuzko edo brontzezko irudiak ikusten ditugu, Rodinen eskultura-prozedura erakutsiz. Honen adibiderik hoberena Balzac idazlearen monumentuaren sorkuntza litzateke, eta beharbada, filmak duen indarguneetako bat. Ez da harritzekoa filmaren azken zatiak Rodinek sortutako maisulana aurkeztea (Steichenek egindako argazkia eta aire zabalean dagoen Hakoneko museoko eskultura erakutsiz), Balzacen monumentuak XX. mendeko eskultura abangoardisten ateak ireki baitzituen.

Lehen esan dugun bezala Rodin film biografikotzat hartu dezakegu, baina ez du artistaren bizitza osotasunean aurkezten, honen atal bat baizik, 1880ko hamarkadan Infernuko Atearen mandatua jasotzen duenetik 1908an Edward Steichen argazkilariak Balzacen monumentuari argazkia egiten dion arte. Filmak eszenak bata bestearen atzetik aurkezten ditu, beltzera itzaltzeaz gehiegi baliatuz, eta orbanez beteriko oihal antzekoak bitartekatuz, denbora aurrera doan bitartean. Parisko Rodin museoak filmaren ekoizpenean lagundu duenez (gogoratu artistaren heriotzaren mendeurrena 2017an izan zela), Doillon eta bere taldeak eskultoreak Meudonen zuen etxean filmatzeko aukera izan du eta hori litzateke filmak sortzen duen zirrara bakarrenetarikoa, Rodinen lanak benetako eszenatoki batean jarri baitituzte.

Auguste Rodinek eskulturari aukera berriak eskaini zizkion, grina eta haragiari zegokion lekua berriz emanez (Michelangelorekin alderatu da), eta bere lanen arnasak beti hunkituta uzten gaitu, egiazkotasunez beteta. Rodin filmak, ostera, bere xalotasunarekin eta arrisku gabeziarekin, ez digu zirrara handirik sortzen. Iaz Cannesko Zinemaldian aurkeztu zenean ere, harrera hotza jaso zuen. Alde horretatik askoz gomendagarriagoak dira Van Gogh (Maurice Pialat, 1991) edo Camille Claudel 1915 (Bruno Dumont, 2013) filmak, non artista baten bizitzaren aldi oso zehatz bat azaltzen zuten, baina ausardia eta estetika erakargarriago batekin, bere gizatasuna aintzat hartuta. Rodinen inguruko behin betiko filmaren zain geratuko gara, hortaz.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago