Denbora ez da gelditzen, aurrera doa guk nahi ala ez. Urteak igaro dira Agnes Vardak zinema munduan lehenengo urratsak egin zituenetik, 89 urte ditu, nagusia da dagoeneko. Ez du ondo ikusten, begiekin esan nahi dut, lauso, baina hortan darrai, begirada ez delako bakarrik begien kontua.
Agnes zintzoa da, gardena, ona. Entzuten dakien horietakoa, begiratzen dakiena, agerikoa da hau guztia azken lanean: Aurpegiak, herriak. Dokumetal in itinere berezia proposatuko digu, road movie hunkigarria, bera bezalakoa, inuzentea eta alaia, naifa. JR argazkilari gaztearekin batera, helburu argirik ez duen ibilbidea hasten du. Elkar eragingo diote bidaian zehar, ikuspuntuak elkarbanatu, eztabaidatu eta adostu. Ibilbidean denboran zehar bidaiatuko dute, jendearen begietan murgildu, paisaietan, herrietan, bizitza istorio desberdinetan, herri eta herritarrenetan.
Ahaztua dugulako iragana, eraikin zaharkitu baten hondakinak bide ertzean. Vardak historia atalak berreskuratuko ditu, goraipatu, behar duten lekua eman. Ahotsa emango die, eta irudia. Gaurkotasuna errukigabea delako garaiotan, bizkorra, etengabekoa, ekoizkin bat. Gaurkotasuna produktu bat bilakatu delako, eta guk produktu erakargarriak eskuratzeko egarri garen masa ikasia besterik ez. Iraganak guri bost, zertarako? Ez dezagun atzera begiratu, kontuz, ez gaitezen zorabiatu.
Herritar xumeekin topo egingo du, herri txikietako jendearekin, inoiz eraikitzera iritsi ez ziren auzoekin, baserritarrekin, postariekin, lantegiko langileekin. Eta guztiek izango dute zer esan, Agnes begiratzen dakien horietakoa delako. Eta ez bakarrik begiekin, edo kamerarekin: bizitako istorioak gogoratzen ditu, eta hauetan parte hartu zuten pertsonak. Batzuk dagoeneko utzi gaituzte, besteak urrun daude, oroitzapenean beti, Godard bezala, mamu bat.
Hausnarketarako bidea proposatzen duen dokumentala da. Alaia, zintzoa eta ederra, bera bezalakoa, bihotz onekoa. Denboraren igaroaz arituko zaigu, belaunaldien arteko oinordetzaz, memoriaren garrantziaz.
Agnesek badaki denborak norabide bakarra duela, eta argi ikusarazten da zintan, paisaia zaharkitu, ahaztu, latzetan arituko direlako JR eta bera. Galdutako espazioei bizi berri bat emanez, ahotsa, lekukotasuna. Istorio guztiak kontatuak izateko eskubidea dutelako, galdera egokiak aurkitzen ditugunean bakarrik irekitzen direlako ateak, Vardarenean beti zabalik direnak.
Probestu beraz bidaiaz, eta igo dokumentaleko bikotearen polaroidera, bertatik istorio arruntenak harrigarrienak izan daitezkeela ikustera helduko zaretelako.
Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.