Musika lengoaia berezia da, bestelakoa, matematika bezalakoa, beste kode batetaz baliatzen da inguratzen gaituena azaltzeko. Esango nuke musikak bizi dugun errealitatea modu zuzenagoan azaltzeko gaitasuna duela, bizi dugun abstraktutasunari forma ematen diola. Baina eraldatu gabe kasik, antolatu gabe ia, errealitate beraren modu dialektal bat bailitzan.
Musikak saihestu nahi ditugunak entzutera behartuko gaitu, hitzik gabeko mezu giltzatuak. Barrentasunera iristean soilik irekitzen ditu esanahiak, ihesbiderik ez dugunean uler ditzagun, grinaren doinu berean, nota bakoitza, dantzan.
Musikaz ari natzaizue bai, Tom Wolf zuzendariak estreinatu berri duen dokumentala ikustera hurbildu naizelako. Maria Callas opera abeslariaren bizitzaren inguruan arituko zaigu dokumentua, bertan pertsonaia hipnotiko honen bizitzaren nondik norakoak azalduko zaizkigu, gorakada eta gainbehera.
Tony Palmer zuzendariaren eskutik izan nuen Callasen bizitzaren berri, haren dokumentalak oilo ipurdia jarri zidan eta pertsona eta pertsonaiarekiko hurbiltasun gazi-gozoa eragin zidan. Biak direlako maitagarriak, Maria, pertsona, eta Callas, pertsonaia; buru biko animalia bezala, izaki mitologikoa, beste garai batetatik etorritakoa.
Zuzendariak proposatzen digun zintan musikak paper oso garrantzizkoa betetzen du, musikariak abestutako pieza garrantzitsuenak entzungo baitira, pieza osoak izango dira, bideoklip bilduma bat entzuten egongo bagina bezala. Aretoan nire buruari galtzen nion: nola jakin zein den zein, nork hitz egiten zuen, eta abesten zuen, Mariak ala Callasek?
Gizarte errukigabea gara, idoloak sortu, igo, tontorreraino, gorago ezin jaso ditugunean bertatik behera amiltzeko, dibertimenduagatik. Baina idoloak pertsonak izaten jarraitzen dute, gizakiak, animaliak, kaiola preziatuan preso, besteen begiraden menpe, zer esan eta nola egin neurtuz, noizbait askatuak izango direlaren ustearekin.
Callas animalia indartsua izan zen, azkarra, edo hori agian mitoaren ondoren eraiki den diskurtso berria izango da, nola jakin. Argi dagoena da haren hitz eta erantzunak emakume azkar eta adoretsuarenak direla, eta begietan antzematen zaiola sua, jenioa. Animalia kementsuena ere ahultzen dutelako kaiolako barrek, ezin denean libre bizi.
Zuzendariak proposamen interesgarria pantailaratu du, Divaren fanatikoentzat agian. Musikak piztiak baretzen dituela diote, agian gehiegi, zazpi edo zortzi pieza ondoren une batzuetan buruak aretotik alde egiten zidalako. Bai, egia da pieza konkretu batzuk nahasi nindutela, indar handikoak direlako, baina ez zait iduritu zuzendariak formularekin asmatu duenik. Etengabean Palmer jaunaren zinta izan dut buruan, haren lanak nola malkoetan utzi ninduen aretoaren argiak piztu zirenean (nire lotsarako).
Volfek besaulkira lotuta mantendu nau, Palmerrek erakutsitako hori ikusteko irrikitan nengoelako. Argi dago Callas pantaila aurrean dagoenean lortzen duela, baina formulak ez dit sentsazio bera eragin, dinamismoa falta zaio, eta batzuetan ikusten ari garenaren erreferentzia galtzen da, zer ikusten ari garen ahazteraino kasik.
Hala eta guztiz ere, mitoak mito bilakatzeko, ausa, arrazoi bakarra ezin izan dela ondorioztatu dut. Ausazko faktore askok parte hartuko dute ziurrenik, baina edukiaz, mamiaz gozatu behar duela ukaezina da. Bilatu bestela Bizeten Carmenen antzezpena, etxalarko ijitoa bera: Errebeldea, erronkaria. Txori errebeldea, inork ezin duena kaiolaratu. Deitzeak ez du deustarako balio, deiari uko egin nahi badio. Ezerk ez du balio, ez erregurik, ez mehatsurik, errefusatuko badu deia.
Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.