Maitasuna lortzen zaila den zerbait da, horregatik zaigu horren baliotsua, horren preziatua. Horretaz badaki Del Toro zuzendariak, eta nola ez, Elisa filmeko protagonistak. Elisa mutua da, jaiotzez, baina hau ez da oztopo bat izango, nolabaiteko dohaina baizik. Elisa munduaren edertasuna ikusteko gauza da, bere isiltasunetik, hitzak tresna baliogabeak bilakatzen direlako, benetako edertasuna ezin delako hitzen bidez azaldu, mututu egiten gaituelako, txunditu, liluratu. Edertasunak, maitasuna bezala, gainezka egiten digulako.
Zuzendari mexikarraren azken lanean ohikoa den poesia aurkituko dugu, argazki landu eta detaile zainduekin. Ez dio denborari eta lanari erreparatuko eraikitzen duen unibertsoa behar bezain modu sinesgarrian pantailaratzeko. Oraingoan naturaz gaindiko izaki bakarra izango dugu, itsasoko lami tankerako gizona.
Horretarako, aktore talde ezin hobeaz inguratu da zuzendaria. Aktore-zuzendaritza lana aipagarria da benetan, eta nola ez, aktoreena: Sally Hawkins, Octavia Spencer, Richard Jenkins eta Michael Stuhlbarg, ongia modu ezin samur eta zintzoagoan irudikatuko dutelako. Michael Shannonek, aldiz, ongi irakatsia digun moduan, gaizki ase ezin eta zekena azalduko digu. Aktoreen antzezpenek salbatuko dute argudioaren tenka falta, sinesgarriak egingo dituztelako dagoeneko igarri ditugun egoerak, berauetan murgildurik jarrai dezagun bermatuz.
Zintari Jean-Pierre Jeunet zuzendari frantziarraren hit aski ezagunaren kutsu nabariegia sumatuko zaio, koloreetan eta argazkian ez ezik, baita soinu bandan, girotutako espazioetan eta protagonistari eman nahi dion nortasunean ere; irudikatu nahi izan duen mundu txiki horretan agerikoa da hori.
Ederrena, esan bezala, aktoreen lana da, eta pertsonaiena, nahiz eta topikoekin eraikitako heroiak garai batean baztertutako pertsonak izan, ahantzitakoak, galtzaileak, gizarteari ezeroso suertatzen zaizkionak.
Maitasun istorioari dagokionez, zaila egin zait barneratzea eta amorrua ematen dit, nahiko nukeelako, itxututa, mututa eta gortuta murgiltzea, lamia eta Elisaren alde egiteko, eta egingo dut, baina pretilaren beste aldetik, edo besaulkitik, erosotasunetik, eta konbikzio faltatik, mezua ulertzen badut ere, ez dituelako behar adina tekla jo.
Hori bai, mezuarekin guztiz ados nago, zuzendariak aipatzen duen Rümï poeta persiarraren hitzekin. Toki guztietan dagoelako maitasuna, halakorik sentitzen dugunean. Labainkorra, formarik gabea, baina bortitza eta gogorra behar duenean, balantzatuko gaitu korrontean, eta behar adina forma, tankera, espazio eta bolumen hartuko du gure lilura amaitu ez dadin, bihotzak ia lehertzeraino betetzeko, taupaka jarrai dezan.
Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.