'Phantom Thread'

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Zumeta 2018ko ots. 22a, 18:18

"Gozatu Andersonen azken harribitxiaz, eta ez saiatu ulertzen zergatik egiten duten egiten dutena".

Josi egiten du jostunak, haria eta orratza baliatuz, oihal-atalak batu egiten ditu, gorputz biluziak janzteko, eguraldiaren gordintasunetik babesteko, begiradetatik ezkutatzeko, azalaren eta zauriaren artean hesia eraikiz.

Hori da jostunaren lana, zehatza, zorrotza, orratzaren muturra bezalakoa, eta horrelakoa da Reynolds Woodcock jostuna (Daniel Day-Lewis), karratua, metodikoa, zurruna, bere orden perfektu aseezinaren biktima, Alma ezagutuko duen arte (Vicky Kieps). Gauza asko josi daitezkeelako jantzien azpildura eta azaletan, hitzak, gogoetak, ametsak.

Botere bereziak dituelako Woodcock jaunak, jeinu bat da berean, miretsia, artista hutsa, baina karratua, zaila, helduezina pertsona bezala, bere burua oihalez egindako labirinto erraldoi batekin babestu izan balu bezala. Beldur asko ditu, eta josi besterik ez du egiten, josten bihotzari eragingo balio bezala, baina bihotzak bere abiadura eta erritmoa darama, eta Alma arduratuko da horretaz, inspirazio iturri, jostunaren musa bilakatuz.

Pertsonaien trataera, argazkia eta planoen konposaketa interesgarria dira, geometriak eta kolorearen erabilerak oreka ematen diote filmari, orekarena edo oreka beharrarena, planoek pertsonaiak eutsiko dituztela irudituko baitzaigu uneoro, oreka mantenduz, pertsonaiek erakusten duten indar guzti horren atzean dagoen hauskortasuna aditzera emanez. Eta eskailerak, bi protagonisten arteko harremanaren erakusle grafikoena; oreka-desoreka etengabean ibiliko dira, gora eta behera, nork agindu, nork inposatu bere legea.

Filmak ez duelako nolanahiko maitasun istorioa kontatuko, sinbiosi aldrebesenarena baizik. Maitatzeko modu asko daudelako, gure pertsonaiek elkar maite dutelako, ulertzen ez duten modu batean bada ere. Batak besteari maitatzeko modu egokiena zein den erakutsi nahiko dio, horretarako elkarri mina egiten badiote ere.

Horrelakoa da jostunaren lana, babestuko gaituzten oihalak jostea, apurtutakoak konpontzea, bihotzak akaso, eta sorginkeriaz piztea, formak zizelkatzea, gogor, artelanak eskatzen duen bezala.

Aktoreen lana sinesgarria da guztiz, Lewisen begiak iheskorrak bezain sakonak direlako, animalia zaurituarenak bezalakoak, laguntza behar duten horiena bezalakoa, hurbiltzerakoan hozka egingo dizuna. Kiepsen xalotasunak leuntzen ditu jostunaren ertz guztiak, baina bere goxotasunean ere laztasunak izango ditu musak.

Gozatu, bada, Paul Thomas Andersonen azken harribitxiaz, eta ez saiatu ulertzen zergatik egiten duten egiten dutena, guztiz lehertu arte elkar maitatuko dutelako protagonistek, tranpa bidez bada ere, maitatzeko modu asko dagoelako.

Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago