Txikitan egunero klasetik irteteko irrikan nengoen. Kontua ez zen klasea ez nuela gogoko, baizik eta beti marrazki bizidunak ikusteko apetatsu nengoela. Memento hartan “Doraemon” edo “Shinchan” bezalako telesailak nire bizitzaren ardatzetariko bat ziren, eta ederki asko pasatzen nuen arratsaldeetan haiekin solasean. Atzo berriz ere telebistan Doraemonekin topo egitea suertatu zitzaidan. Zer nolako hitz jarioa! Halako lexiko aberats eta zuzena! Liluratu egin ninduen. Baliteke euskara hainbeste gogoko izatearen atzean marrazki bizidunak egotea. Doraemon, zu al zara hizkuntza hau hain gogoko izatera bultzatu nauena?
Marrazki bizidunetatik haratago, badago euskara maitatzera bultzatu nauen besterik; nola ez, bada, nire gurasoak. Txiki-txikitatik euskaraz egin didate, eta baliteke horren isla izatea orain idazten ari naizen testu hau. Aipatzekoa da gogoan dudala txikitan auzokideekin batera ikastolara joateko autobus bat hartzen nueneko arazoa: gurasoek ez zidatenez erdara irakatsi eta garraio hartan bakarrik gaztelera entzuten zenez, nahiko kostatu zitzaidan lagunak egitea. Trabes egingo nuke gaztelania ez zekien mutiko hark nire egungo egoera ez lukeela sinetsiko! Orain euskara unibertsitate eta etxean bakarrik darabilt… Horregatik, gaurtik aurrera hemen ere erabiliko dut euskara iritzi testuen bidez.