IRITZIA

Sionismoaren konplizeei urik ere ez

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Losada 2024ko urr. 18a, 14:53

Israelen aurka GKSk Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: GKS

PSOE zein PNV dira mugimendu hauen atzean seinalatu beharrekoak (Madrilen, Jaurlaritzan eta Gasteizko Udalean daudelako). Sionismoa proiektu supremazista da eta ez dute sekula palestinarrekin eskubide berdintasunik onartuko.

Pasa den asteazkenean Espainiar Gobernuaren hipokresiaren azken adibidea atera da prentsan (ez Etb-n, portzierto, nahiz eta kamera ekarri, ekarri zuten... telefono dei bat jaso du nonork antza). EHKS eta Etxebizitza Sindikatuaren babesarekin, bost familia hispano-palestinarrek haien egoeraren berri eman ziguten: gobernuak kalean utziko ditu inolako alternatibarik eskaini gabe.

Espainiar Gobernuak bere burua zuritzeko baliatu ditu familia hauek (beste hamabostekin batera, Caceres eta Asturiasera mugitu dituztenak). Gazako basakeriatik atera eta Espainian integratuko zituztela zin egin zien, han eta hemen paparra atera zuten gobernuaren eredugarritasuna lau haizetara zabalduz, baina argazkia atera eta gero, abandonatu egin dituzte. Eusko Jaurlaritzatik ere harro irten ziren publikoki familia hauen harrera mediatizatzera. Gaur egun, ordea, instituzio batek ere ez du ardurarik hartu eta etxebizitza alternatibarik eskaintzen.

PSOE zein PNV dira mugimendu hauen atzean seinalatu beharrekoak (Madrilen, Jaurlaritzan eta Gasteizko Udalean daudelako). PSOEk, hitzez, Palestinaren aldeko posizioa irudikatu nahi du, betiere, Israelekiko harreman “ahalik eta onena” galdu gabe. Ekintzetan aldiz, harreman militarra ez du eten (urritik hona mila milioi euro baino gehiago xahutu dira Israeli armak erosten, bere industria militarra indartuz), harreman diplomatikoa mantendu du (sikiera ez du kontsultetara deitu bere enbaxadorea Israelen) eta harreman ekonomikoa ez du zalantzan jarri (inportazioetan ia berdin mantendu da, eta esportazioetan, aldiz, egon den jaitsiera Israelen erabaki gisa ulertu beharra dago).

PNVri dagokionean, “soluzio iraunkor” bat aldarrikatu izan duen arren, ez du inor harritu inplikatu ez dela salatzeak, alderdi sionista baita oso-osorik. Ezagunak dira Israelgo gobernuarekin dituen harreman diplomatiko onak eta historikoki babestu du entitate sionista. Azpimarratzearren, Mossadekin duen harremana aipa daiteke, Ertzaintzaren entrenamendu eta segurtasun teknologia lortzerako orduan, adibidez.

Bi alderdi hauek zementuzko aurpegia behar dute izan, haien burua Palestinaren aldeko trintxeran kokatzeko. Lagunak baino, palestinar herriaren etsai dira. Gauzak horrela, datorren astelehenean Gernika-Palestina plataformak mobilizazioa deitu du Euskal Herriko hainbat udaletxetan, eta PSOE eta PNV deialdira batu dira. Gernika-Palestinak, gainera, deialdiaren babes zabalaren adierazletzat hartu ditu atxikimenduok. Nire galdera da: sionismoaren konplizeekin batera mobilizatzea al da palestinarren askatasuna erdiesteko bidea? Nik uste ezetz.

Sionismoa proiektu supremazista da eta ez dute sekula palestinarrekin eskubide berdintasunik onartuko. Bi estatuen irtenbidea bera, gatazka betikotzeko irtenbide faltsu hori, ukatu egiten dute sionistek beraiek. Bestetik, euskal, espainiar zein europar agintariei dagokienez, ondo dakite Israelek funtsezko papera betetzen duela mendebaldeko inperialismoarentzako, eta hortaz, ez dute estatu sionistak eskaintzen dien posizio pribilegiatua galtzen utziko.

Hortaz, palestinarren askatasuna Israelgo estatuaren desagerpenaren bidez lortuko da soilik, eta bide horretan, sionismoaren konplizeekin batu eta haiek aurpegia zuritzea ahalbidetu baino, haien faltsutasuna seinalatu, maskara kendu eta konfrontatzea dagokigu. Gora palestinar erresistentzia! Palestina askatu! Israel suntsitu!

Xabier Losada, Gasteizko Kontseilu Sozialistako kidea

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago