Batzuontzat, martxoaren 3a borroka eguna da. Langileon borroka eta antolakuntza hedatzeko eguna. Iraganeko esperientzietatik ikasteko eguna. Askatasunaren alde borrokatu dutenak omentzeko eguna. Baina aurten, martxoaren 3a hauteskundeen atarian izan da, eta, nola ez, kanpaina egiteko erabili behar dute alderdiek. Poliziaren kargak izan dira horretarako aitzaki. Ez digute gure hildakoak bakean omentzen ere uzten.
"Aurten, martxoaren 3a hauteskundeen atarian izan da, eta, nola ez, kanpaina egiteko erabili behar dute alderdiek"
Buru belarri sartu dira, beraz, hautagai faboritoak: poliziaren gaiari eutsita, bozka bila, nork aterako etekin handien. Irudikatu nahiko lukete taxuzko desberdintasuna dagoela bakoitzak proposatzen duenaren artean, proiektu zeharo kontrajarriak ordezkatzen dituztela, bataren edo bestearen eredua dela egokiena... baina finean, biek ala biek polizia defendatzen dute.
EAJren kasuan inolako konplexurik gabe egiten dute, baita harropuzkeriaz egin ere, barre artean, egoera kontrolpean dutela erakutsi nahian edo. Baina horrek ez du inor harritzen. Bilduk, ordea, kudeaketa okerra egin dela esango digu, garbiketa egin behar dela, beste polizia eredu baten beharra dagoela, eztabaida erosoago izan dagion. Estali nahi baitute, haiek ere, legea betearazteko polizia beharko dutela; haiek ere, ertzainak beharko dituztela, adibidez, manifestazioak baretzeko, edota etxegabetzeak burutzeko. Bide horretan joko bikoitza ikusi dugu. Batetik, Rocio Viteroren hitzak ditugu, istiluak gaitzetsiz, M3aren aldarriei mesederik egiten ez diotelakoan; eta bestetik, Julen Arzuagarenak, poliziaren inguruko galdera sorta aurkeztuz. Una de cal y otra de arena.
"Finean, biek ala biek polizia defendatzen dute"
Ez diezagutela ziria sartu. Polizia ereduaren eztabaidak bake sozial burgesa nola mantendu eztabaidatzea esan nahi du, hau da, zeren bidez mantendu klasetan banatutako gizartea. Zeren bidez mantendu langileriaren gaineko esplotazioa eta dominazioa. Komunistok klase dominazioaren modalitate lausoenaren aurka gaude, bortitzenaren aurka bezainbeste. Polizia demokratiko, hurbil, euskaldun, jator, edota nahi den adjektibo ponposo guztiak jarrita ere, bere funtzioa langileon menperatzea betikotzea izango da. Kateak kate dira, nahiz eta urrezkoak izan.
Poliziarik ez!
Xabier Losada, Gasteizko Kontseilu Sozialistako kidea
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.