Gerrikoa estutu behar dugu. Datorrenari aurre egiteko batasunerako deia gizarte osoari egiten digute berriz ere; ohiko bilakatzen ari da. Oraingo honetan, batzen gaituen kanpo faktorea gerra omen da, nahiz eta, noski, gerrara joateko erabakian langileok ez dugun inolako parte hartzerik izan. Hala eta guztiz ere, oso gutxi igaro da batasun abstraktu horretarako deia egiten zitzaigun azkenekotik. Orduan, xede amankomuna pandemia izan zen. Eta orduan ere alderdi parlamentario guztiak batu egin ziren, patronalarekin batera, zenbait neurri onartzeko. Portzierto, neurriok, osasun irizpide baten araberakoak izatetik urrun, autoritarismoan, militarismoan, kontrol sozialean eta abarrean sakontzera etorri ziren.
"Datorrenari aurre egiteko batasunerako deia gizarte osoari egiten digute berriz ere; ohiko bilakatzen ari da"
Oraingo honetan elkartasun keinua zera da: gasaren, argiaren edota gasolinaren kontsumoa jaistea. Prezioen gorakadak ordea (gasolina litroa 2 eurotan, gasa orain dela urtebete baino bost bider, eta argindarra sei bider garestiago...), soldaten jaitsiera orokortuarekin batera, bizi maila jaistera behartzen gaitu. Pobrezia energetikoa dugu, beraz, oraingo honetan hizpide. Ordea, bizi ereduaren pobretzearen orokortzea joera gisa ematen ari den fenomenoa dugu gurean. Hau da, bizitzaren garestitzea orain dela zenbait urtetatik ikus dezakegu, unean-une justifikatzeko aitzakiak aldatuz doazen arren: krisia, pandemia, botila lepoak, gerra...
Azken finean, gertaera hauei ikuspegi integral bat eman ezean arazoa desplazatuz joango gara momentuan momentu, ulertu gabe ageri zaizkigun fenomenoak ondorio soilak direla. Ordea, krisi kapitalistak egoera goitik behera baldintzatzen duela ulertu behar dugu, eta, testuinguru horretan, burgesia europarra, bere posizioa salbatu nahian, eraldaketak sustatzen ari dela. Izan ere, gero eta zailtasun handiagoak izaten ari da bloke europarra mundu mailako beste potentzia batzuekin lehiatzeko, eta, bere interesak salbatze aldera, pisua langile klasearen bizkarretan kargatu nahi du.
"Krisi kapitalistak egoera goitik behera baldintzatzen duela ulertu behar dugu"
Hala, mozkina ateratzeko zailtasun horren irtenbidea topatu du: soldatak jaitsi, oinarrizko produktuen prezioak puztu, osasunean murriztu, hezkuntza tasak igo, kaleratzeak erraztu...
Horretarako, era bateko ala besteko politikak sustatzen ditu, eta egoera hori normalizatzeko mass mediaren erabilera darama aurrera. Eta, gainera, erauzitako dirua bere kontrola bermatzeko balia dezake, poliziaren soldatak igoaz adibidez.
Gero eta gordinagoa izaten ari den bortizkeria honi aurre egitea ezinezkoa dirudi, are gehiago hain hedatua dagoen bakartasunetik. Horregatik da beharrezkoa alderdi parlamentarioekiko independenteki antolatzea. Larunbat honetan Correosetik mobilizatuko gara, 18:30ean, bizitzaren garestitzea salatu eta norabide honetan urrats bat emateko. Bertan ikusiko dugu elkar.
Sinatzailea: Xabier Losada - Gasteizko Kontseilu Sozialistako kidea
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.