Iritzia

Langile kontzientziaz eta antolakuntzaz

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Losada 2021ko api. 26a, 10:30

Maiatzaren 1ean 20:00etan abiatuko da Kontseilu Sozialistaren mobilizazioa. / @Kontseilua_Gast

"Despolitizazioa hain orokortua dagoen garaiotan lan handia dugu aurretik, indar metaketa bat gauzatzeko; horregatik da hain garrantzitsua antolakuntza komunista hedatzea, langileriaren interesak defendatuko dituen indar antagoniko gisa".

Nazioarteko diru funtsak abisua pasa du: pixkanaka, Covid-19aren aurrean martxan jarritako amortiguazio sozialerako politikak murriztuz joango dira, eta, ondorioz, protestak areagotuko dira mundu mailan. Miseria hedatuz joango den honetan, langile klaseak bi aukera ditu: norgehiagokan arituz interes indibidualei begiratu eta norberaren burua salbatzen saiatzea; ala elkartasun antolatuaren bidez guztion mesedera lan egin eta mundu berri bat eraikitzea.

"Langile klaseak bi aukera ditu: norberaren burua salbatzen saiatzea ala mundu berri bat eraikitzea"

Langile klasea diot, bai, eta errepikatu egingo dut, bigarren aukera hautatzen dugunok egun dugun erronka nagusienetakoa zera dela uste baitut: klase kontzientzia berreskuratzea. Maiatzaren Lehena aitzaki hartuta, gaiaz mintzatzeko probestuko dut aukera.

Dagoeneko ohitu gara sindikatuak izan daitezen egun horretan mobilizatzera deitzen duten bakarrak. Era berean, soldataren inguruko aldarriak dira entzutetsuenak, bakarrak ez esatearren, eta ez justuki soldatapeko lanaren abolizioa aldarrikatzeko. Ez dut esan nahi egun sinbolikoak borroka prozesu zehatzak elikatzera bideratzearen aurka nagoenik, inondik ere. Ordea, haratago ez bagoaz, helburua hobekuntza ekonomikoak erdiestean amaitzen bada, baldintza ekonomikoen atzean dauden ekoizpen harremanak seinalatzen ez badira, hankamotz. Eta, zehazki, harreman horiek dira nahaspilatzen direnak klase perspektiba galdu egiten denean.

"Ekoizpen bitartekoen jabe ez izanagatik, jaiotzen den momentutik, bizi ahal izateko lanarekiko menpekoa den hori da langile klasea"

Langileon Nazioarteko Egunean soldata aldarrien erdigunea izatea, langileria (edo langile klasea) soldatapeko lana burutzen duen horrekin identifikatzearen adibide argigarria da. Zeharo klaserik gabeko kontzepzioa dugu hori.

Laburbilduz, langile klasea ekoizpen eredu kapitalistan sortzen den bi gizataldeetako bat da; hain zuzen, ekoizpen bitartekoen jabe ez izanagatik, jaiotzen den momentutik, bizi ahal izateko lanarekiko menpekoa den hori. Menpekotasun hori, ordea, hamaika eratan ematen da, eta, are gehiago, langile orok era ezberdinetan jasaten du bere bizitzan zehar. Ikasleak, etxeko andreak, langabetuak... den-denak dira soldata baten truke saldutako lanaren menpeko, izan era zuzenean ala zeharkakoan.

Gaur egungo garapen teknologikoa ongizatearen unibertsalizaziora bideratzen saiatu beharrean, ekoizpen bitartekoen jabe den klaseak, hau da, burgesiak, bere interes propioak asetzeko darabil aberastasun soziala. Egungo miseria egoera irauli eta gizadi osoaren ongizatea bermatuko duen sistema baten eraikuntza, beraz, klase interesen arteko talkan langileriaren gailentzearen bidez burutu ahalko da, beste aukerarik gabe.

"Langileriaren interesak gailendu ahal izateko, burgesia garaituko duen indar soziala artikulatzea ezinbestekoa da, langile boterea"

Horrenbestez, errealitate materiala aldatzea, guk geuk, langileok, gure kabuz burutu beharreko erronka dugu. Langileriaren interesak gailendu ahal izateko, burgesia garaituko duen indar soziala artikulatzea ezinbestekoa da. Horri deitzen diogu langile boterea. Langile boterea antolatuz, lurraldearen gaineko langile kontrola ezartzea da gure apustua; horrela ulertzen dugu sozialismoaren eraikuntza. Sozialismoaren eraikuntzara bidean, beraz, indar soziala metatzean dago gakoa.

Despolitizazioa eta desmobilizazioa hain orokortuak dauden garaiotan lan handia dugu aurretik, halako indar metaketa bat gauzatzeko; eta horregatik da hain garrantzitsua antolakuntza komunista hedatzea. Antolakuntza komunista langileriaren interesak defendatuko dituen indar antagoniko gisa. Antolakuntza komunista, beraz, zapalkuntza oro gainditu eta klasetan banatutako gizartea abolitzeko indar gisa.

Perspektiba horretatik abiatuta, mobilizazioa antolatu dugu Maiatzaren Lehenengoan, Kontseilu Sozialista Gasteizen izenean, Langile klasearen defentsan, antolakuntza komunista! lelopean. 20:00etan abiatuko gara Rafa plazatik (Gaztetxearen ondoko plazatik). Maiatzaren Lehena langile klase osoaren egun gisa berreskura dezagun! Anima zaitez!

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago