Halakorik aurkitzean, noski, poza handia da; are handiagoa orain arte ezagutzen ez zen euskarazko esaldi edo testu zati baten aurrean bazaude. Baina, orduan, orduko euskaldunak zirikatu eta errietan hasten zaizkizu.
XVII. mendeko prozesu astun luze horietako bat aurrean duzula, letra bera ia ulertzen ez duzula, bat-batean, orduko euskaldun batek esaten dizu çu veti çavilça errebolvitzen, çu nastadore ori or çaude; orduan apuratzen zara eta esaten diozu: ni ez nayz nastadorea. Baina ez da nahikoa eta besteak jarraitzen du esaten: çu çara nastadore vat. Beste batek arrazoi ematen dio eta zuri zuzentzen zaizu esanez: gueçurra dion yre musu aubecotic; traydorea, erreco çara, erreco çara; gueçurra da, eta geçurra dionari gueçurra diola erran bear çayo eta alacoac bear du mordaça.
Ez duzu eztabaidarekin jarraitu nahi eta orduan beste prozesu baten bila zoaz, ea oraingoan zorterik duzun. Hala ere, atzetik garrasika ari zaizkizu oraindik: çoaçe çoaçe apaeça zure adisquide orrengana. Beste agiri bat hartzen duzu eta gaztelerazko testua irakurtzen ari zarela, bat-batean, 1613an bizi izan zen euskaldun bat zirikatu duzu, nahi gabe, eta esaten dizu: françesec vayño obequi iguitu aut nic. Zuk ez dakizu zer egin duzun eta zein arazo duen frantsesekin, agiri zahar bat hartu besterik ez duzu egin, baina orduan esaten dizu beste batek çu çara vellaquo çarra, puta ordia, apez alaba, gaysto andurr orreq pagatu dizquedan! Gayzto andurra nor ayz y gazto andur bat bayçic ançare maynguequi goztacen aycen ori! Azalpenak ematen hasten zara, baina orduan euskaldun hark esaten dizu: agotate beçala beti bar bar bar drainsatela; goyac ortica ciquina alegia, agotek bezala hitz egiten duzula eta ez zaizula ezer ulertzen…
Lewis Carrollen pertsonaiak izan zitezkeen, baina ez, XVI. eta XVII. mendeko euskaldunen ahotik entzundakoak dira; eta entzundakoak entzunda, hobe agiritegiko bilaketak aurreragoko uztea, baina ezin ahaztu azken agirian irakurri duzuna: ero gucioc gure ayde.