Agintari politikoen, burgesiaren eta bankarien lotsagabekeriak ere ez du mugarik. Lotsagarria da egun hauetan erabili duten diskurtsoa: bakea, demokrazia, askatasuna… baliorik gabeko hitzak dira beren ahotan. Tipula negarra da egun hauetan egin dutena. Ez da albiste berria Al-Qaeda, ISIS eta antzeko talde islamistak Mendebaldeko potentzia inperialistek sortu zituztela. 80ko hamarkadan AEBko agintariek finantzatu zuten Al-Qaeda Sobietar Batasunari aurre egiteko eta, azken urteetan, Europako eta AEBetako agintariek eskuzabal finantzatu dute ISIS Udaberri Arabiarra izenez ezagutzen den prozesu iraultzailea geldiarazteko. Hillary Clintonek onartu zuen AEBetako Gobernuak dirua ematen ziola ISISi eta Hollandek ere (bai, larunbatean negar zotinka zegoen berbera) ISIS diruz laguntzen zuela onartu zuen. Horretaz gainera, Mendebaldeko armagintzako enpresa handiek negozio bikainak egiten dituzte terroristekin gobernuaren babes osoa dutela.
Ostiralean Paris zena, Beirut zen bezperan eta Sinai biharamunean. Frantziako Gobernuak ere ez du asko itxaron eta igandean Sirian ISISen gune den hiri bat bonbardatu zuen ordu betez. Gisa bereko sarraskiak etengabeak dira: batzuetan potentzia inperialisten finantzatutako talde jihadistak daude atzean, besteetan gobernuek babestutako talde paramilitarrak. Besteak beste, Turkian bakarrik 2002az geroztik ia 2.000 militante ezkertiar hil dituzte nola edo hala gobernuarekin lotura duten taldeek; Mexikon gobernuaren ezkutuko babesa duten narkotrafikatzaileek milaka herritar hil dituzte azken urteetan. Beste batzuetan gobernuek bidalitako armadak izaten dira: ekaineko bonbardaketa batean 3.000 siriar hil zituzten aliatuek jaurtikitako bonbek.
Sarraski hauen guztien atzean interes berbera dago: enpresa eta multinazional handien arteko borroka. Besteak beste munduko merkatuaren zati handiena eta petrolioaren kontrola eskuratzeko piztu duten gerra da jatorrian dagoena. Eurek sortu dute gerra, eta guk jarri ditugu biktimak. Leninek esan zuen kapitalismoa bukaerarik ez duen izugarrikeria dela; eta horixe ikusten ari gara gure begien aurrean: gerrak, gerratik babesteko ihesi doazen errefuxiatuak, miseria, langabezia, prekarietatea, heriotzak… Hori dela eta, sarraski, gerra inperialista eta ekintza terrorista hauek gogor salatzearekin batera, beharrezkoa da kapitalismoaren aurka tinko borrokatzea eta alternatiba iraultzailea mahai gainean jartzea.