Koronabirusa

Zer eragin izango du ekonomian?

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2020ko mar. 19a, 12:00

Espainian milioi bat lagun langabezira joan daitezkeela diote batzuek. / E. Anda

"Oraingoan estatuak gastu gehiagori aurre egin beharko die, eta horretarako zorpetuko da; ostera berriro noizbait murrizketetara bueltatu behar garela esango digute?".

Erantzuna sinplea da: ez dakigu. 2007ko krisi ekonomiko haundiak eztanda egin aurretik, ekonomilariek ez zuten zetorrena asmatu. Oraingoan epidemiologoek ez dakite zehaztasunez zenbat iraungo duen osasun larrialdi egoerak. Beraz ekonomilariek ezin dituzte asmatu ekonomian izango diren eraginak, egoera egunetik egunera aldatzen doa eta. Baina eragina larria izan daiteke, eta sektoreka intzidentzia aldaera desberdinak izan ditzake.

Badaude datu mota desberdinak, adibidez: (I) Nazioartean, petroleoaren prezioa ikaragarri jeitsi da (%40 inguru azken bi hilabeteetan), ekoizpena eta kontsumoa motelduko diren seinale. (II) Europan, BPG-aren esperotako hazkuntza eskasa zen jada, eta orain %1 murriztuko dela iragarri da 2020rako COVID19-a dela eta; hori bai, 2021rako egoera hobetuko omen dela diote. (III) Espainian, IBEX-35 indizeak %20a galdu zuen joan den astean; eta gaur (astelehena) berriro ia %8 galdu du. Gehien galdutakoak burtsan IAG (British Airways eta Iberia) dira, ia %40 inguru, porroterako beldurra piztuz. (IV) Araban, SEA enpresarien erakundeak enpresen %25ak jada fakturazioaren %25eko murrizketa somatu duela adierazi zuen, joan den astean… aste honetatik aurrera auskalo! (V) Gaurtik aurrera ehunka Aldi Baterako Lan Erregulazio Espediente (ABLEE) hasiko dira gurean, eta milaka langile lanera joan barik egongo dira, beraien egoera aldakorra izan daitekeelarik kontratu mota eta ABLEEaren negoziazioaren arabera. Espainian milioi bat pertsona langabezira joan daitezkeela diote batzuek.

2007ko krisian murrizketak izan ziren sektore publikoan, eta gaur beraien falta dugu

Egoera latza dator; datu garbirik apirilerarte ez dugu izango ordea. Orduan martxoko hilabetearen eta urteko lehen hiruhilabetearen datu makroekonomikoak plazaratuko dira; bi aste hauetan gertatutako ABLEEak ezagutuko ditugu; eta bi asteko etxeko konfinamenduak COVID19-aren aurrean eman duen emaitza ikusiko da. Baina neurri ekonomikoak gaurdanik hartu behar dira, zeintzuk?

Antza, askotarikoak: (I) Moneta politika hedakorrak (diru gehiago inprimatu eta interes tasak jeitsi). Banku Zentralak horretan ari dira, baina emaitza gutxi oraingoz, burtsak kasino edo jolasleku arduragabe eta zoroa direlako aspaldi, eta merkatuen beldurra eta diru-gosea birusa bera baino kutsakorragoak direlako. (II) Politika fiskalak, enpresa eta autonomei zergak beranduago kobratu, enpresentzat maileguak erraztu, gobernuek diru gehiago inbertitu ekonomia pizteko, etabar luze bat. (III) Familientzat laguntza neurriak hartu, dirulaguntza zuzenak, etabar. Baina, zeinek pagatuko du guzti horren faktura? Zeinek hartzen du finean egoeraren ardura?

Estatuak oraindik zorpetuta daude aurreko krisitik, eta gainera, estatuen dirua gu guztion poltsikoetatik ateratzen da (nagusiki familietatik eta ez aberats edo enpresetatik). 2007ko krisian, ahulenek gehien sufritu zuten, eta zerbitzu publikoen murrizketa inposatu ziguten, besteak beste. Oraingo krisian zerbitzu publiko sendoak izatearen beharra agerian geratu da. Enpresek dirulaguntzak eskatzen dituzte, bale, ados. Baina zertarako eta zein bermerekin? Jabeen etekina sostengatu edo lanpostuak eta langileen ongizatea mantentzeko? Badakizuenez, Gasteizko enpresa haundienak gaur ez du borondatez itxi, langileek itxi behar izan dute. Eta antzeko zenbat egoera ez ote dira gertatzen ari beste enpresa mordo batetan? Dirua sartzen bazaie, enpresa eta sektore estrategiko batzuen nazionalizazio progresiboa eskatzera ausartuko gara, adibidez?

Are gehiago, ekonomia BPG-a eta lanpostuetatik haratago doala aldarrikatzen dugunontzat, ekonomia ekologikoak eta ekonomia feministak egindako ekarpen sendoen ildotik, badira bestelako gogoetak. Ekonomia ekologikoak gure ekoizpen eta kontsumo maila murrizten dugun bakoitzean zera adierazten digu: ingurumena hobetzen dela, adibidez hirien airearen kalitatean, edo baliabiden naturalen agortzea leunduz. Ekonomia feministak zera adierazten digu: ekonomia kapitalistak zaintza lanen garrantziari muzin egiten diola eta zaintzak mantentzearen esfortzu edo kostuak kanporatzen saiatzen dela, nagusiki familien esku edo bestela sektore publikoaren gain utzita. Horri esker egiten ditu mozkinak. Zaintza eta osasunean (eta beste arlo askotan) zerbitzu publiko indartsuagoak behar ditugu (zerbitzu pribatu eta kontzertatuek gero ez dute borondatez ardura hartzen).

2007ko krisiaz ez omen genuen nahikoa ikasi. Orduko erantzunetako bat sektore publikoan murrizketak izan ziren, eta gaur beraien faltan gaude. Oraingoan estatuak gastu gehiagori aurre egin beharko die, eta horretarako zorpetuko da, eta ostera berriro noizbait murrizketetara bueltatu behar garela esango digute? Espero ezetz, espero ordurako behar duguna eredu ekonomikoaren aldaketa bat dela ikasita izatea. Eta hori gaur gaurkoz ditugun agintariek ez digute emango, zer egingo dugu herritarrok beraz?

Krisiak aukerak ere badirela diote. Eredua aldatzeko prest gaude?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago