Bi hilabete pasata, eta Kataluniara begira jarri ginen, bi diada ikaragarrien ostean, eta hainbat debeku gainditu ostean, herri-galdeketa egingo zutelako bai ala bai (azaroaren 9an). Orduan Kataluniako “intelligentsia”, erakundeen bultzada, gafapastismoa, castellers-en eta interkulturalitatearen uztarketa eta herri mugimenduen gaitasuna inbidiatzen omen genituen. Bueno, edo boterean dagoen eskuineko alderdiak estatuaren aurrean euren subirautza aldarrikatzera ausartzea beste alderdi eta erakundeekin batera…
Lauhilabetea bukatzerako, azterketak jada gaindituta, urtarrilaren 25ean Greziara jo genuen, bertoko hauteskundeetan lehenengo aldiz Europa mailan “antirreskate” gobernu bat sortu zitekeelako Syrizaren eskutik. Akaso euren historia klasikoa, arteetako perfil-greko perfektuak, irla turistikoak, euren partisanoak edo greba orokorrak inbidiatu omen genizkien (baina ez larrialdi soziala). Bueno, edo ezkerraren batasun eta antolaketa troikaren aurrean politika ekonomiko alternatiboak eta subirautza nazionala aldarrikatzeko…
Eta inbidiaz kanpora begira bizitza osoa eman dezakegu. Kanpora begiratzea, kanpoan bizitzea, kanpoan sentitzea, ondo dago duda barik (gustuko dut ideia, aspaldian faltan botatzen nabil…). Baina tira, hobe ikasteko bada inbidia pasatzeko baino, ezta? Ikusi eta ikasi, kopiatu oso gutxitan.
Gabon hauetan berbidali zidaten watxapeko argazki batek hala zioen: “¿Tomas algo para ser feliz? Sí, decisiones”. Erabaki dezagun bada eta mugi gaitezen. Saiatu beharko gara, inbidia pairatzen baino, erabakiak hartzen. Hemen biderik ere ba omen da.