Lan gatazketatik abiatuta...

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2015ko urt. 28a, 01:00

Unai Villalba

 

Hemerotekan bilaketa sinple batek erraz erakusten digu azken urteotan lan-gatazkak Euskal Herrian areagotu direla. Araban kasu esanguratsuak gertatu dira eskualde desberdinetan. Interneteko bilatzailerik gabe ere jakin bagenekien, guztiok pairatu dugu nolabait, senide, lagun edo ezagun baten egoera: soldaten atzeratzea eta lanordu aldaketak hasteko, eta gero neurri okerragoak.

 

Lan-gatazkak sektore askotan izan dira: zerbitzu publikoetan (udal edo osasun langileak), zerbitzu publiko azpikontratatuetan (autobusak edo zaintza-zentroak), eskoletan, eta noski enpresa txiki zein handietan. Izaera askotarikoak: egunak edo hilabeteak iraun dutenak, negoziazioaz konpondutakoak edo judizializatutakoak, "krisi" egoerak bultzatutakoak edo lan-erreforma baliatuta enpresariek piztutakoak, etabar luze bat.

 

Tokian toki eta kasuz kasu aztertu beharko lirateke konponbideak, lan-baldintzen eboluzioa, ekoizpen lerroen bideragarritasuna, finantzazio aukerak eta beste faktore mordo bat. Baina ikuspegi orokorrago batetik beste ideia batzuk azpimarratu daitezke lan-gatazkei dagokionez:

(1) Agerikoa da, baina hein batean lan-gatazken oinarrian enpresaren jabegoa eta lan-indarraren arteko interes kontrajarriak daude. Beraz, interes horiek bat egiteko neurriak hartu zitezkeen: langilegoaren jabegoa sustatu ekonomia sozialaren ildotik, edo langileen parte hartze eta kontrol publiko mekanismo berriak ezarri.

 

(2) Enpresa bakoitzaren gatazkaren kasuan, edo mekanismo eta eredu berriak sustatzerako orduan, bizi berri ditugun kasuetan argi dago langilegoaren antolakuntza kolektiboa erabat beharrezkoa dela.

 

(3) Enpresa bakoitzari begiratzeaz haratago, ekonomiaren finantziarizazioa dela eta, lana eta kapitalaren arteko gatazka dago. Adibidez T. Piketty ekonomialariak argi esaten du krisi garaian desberdintasunak areagotu direla, eta aberastasun banaketa kapitalaren jabeen aldekoa izan dela nabarmen langabezia areagotzen den bitartean.

 

(4) Ez dezagun ahaztu, lan-gatazkarik handienetakoa gaur gaurkoz hori dela, lanik ez izatea, epe luzeko langabezia edo lehenengo lanik ezin topatu dabiltzan gazteen egoera kasu. Enpleguaren sorrera bai noski, baina lanaren banaketa eta berrantolaketa bultzatu beharrean gaude ere.

 

(5) Bestetik, zeri deitzen diogu lana? Enpleguaz gaindi, bizitza mantendu ahal izateko lanak daude, zaintza lanak. Adibidez A.P. Orozco ekonomialariak azaltzen digu kapital-lana gatazkaren parte bat baino ez dela, kapital metaketa eta bizitzaren artekoa dela sakoneko arazoa.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago