Pobreziaren aurkako eguna “ospatzen” den aste honetan, Credit Suisse-k esan digu aberats kopurua %24 hazi egin dela Estatu Espainolean azken urtean (milioi bat $ baino gehiago dutenak). Iaz ere hazi zen, % 13a. Eta hori krisi egoera bitartean, murrizketak egin “behar” ziren bitartean. Gertakari horren arrazoia burtsan jartzen du Credit Suisse-k. Baina, zer esan nahi du horrek? Ekonomia finantzarioa suspertzen ari dela. Eta ekonomia erreala? Enpleguak sortzen dituen ekonomia horrekin zer gertatzen ari da?
Estatu Espainola, Europa barruan krisiaren epealdian aberats eta txiroen arteko errenta desberdintasuna gehien hazi izan den herrialdea da, bueno bigarrena, Letoniaren atzetik. Estatuan 20 pertsona aberatsenek 9 milioi pertsonek, (populazioaren %20 txiroena zehazkiago), duten errenta kantitate berdina pilatzen dute. Populazioaren %10 aberatsenak, errenta totalaren %55a. Beraz, ekonomia errealean, desberdintasunak areagotzen dituzten politika ekonomiko, fiskal eta sozialak sustatu direla krisi bitartean erraz sumatzen da. 2007-2014 bitartean gobernuetan egon diren partidu guztiek egin dute hori: PP eta PSOE-k han, PNV, PSE eta UPN-ek hemen.
“Krisia”-ren kudeaketan guztiek norabide berdinean sartu gaituzte, baina gutxi batzuk aberastasunaren norantzan doaz eta beste asko pobretzearen norantzan goaz. Aberastasuna eta Pobrezia estuki lotuta daude. Bata existitzen delako bestea sortzen da. Txanpon berdinaren bi alde. Norabidearen bi norantzak. Kontua da dema honetan pobreziaren norantzan goazenak ez garela beste norantzan kabitzen. Jendearen gehiengoarentzat, sistema honetan ez dago itzulbide posiblerik. Ez ginake denak karril berberan kabituko. Bide berriak behar ditugu beraz.