Nagiaz, eta AHTaren zentzugabekeriaz

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2014ko mai. 16a, 11:35

Unai Villalba

Hau idazteko prest nengoenean, kostata, asteko nekea jada gainean pilatuta badudalako, lagun batek nagiaz hitz egiteko proposatu dit. Eta bai, gai interesgarria da oso. Zeri deitzen diogu nagia? Norarte onartua dugu nagia produktibismoaren eta presaren jendarte honetan? Edo, barkatu nire ezjakintasunaren atrebentzia, zergatik nagiak eta nahiak horren etimologia antzekoa dute? Baina nagiak, bere izaerari jarraiki, itxaron beharko du.

 

Aste honetan beste premiazko gaiak ere badaude: Europar hauteskundeak gertu ditugu eta nagiaren edo eszeptizismoaren gainetik idazteko gaia ere izan zitekeen, bozkatzera joan beharko dugulako beste batzuk gure ahotsa hartzea nahi ez badugu behintzat. Edo  dispertsioaren “urtebetetzea”, edo Palestinaren Nakba eguna… Edo beste hainbeste gaiez idazteko beharra/aukera/nagia. Baina nik erraz egin nahi dut gaurkoan, eta beraz aste honetan AHTaren inguruan agertu diren datu esanguratsu batzuk baino ez dizkizuet errepikatuko, galdera batzuk planteatzearekin batera.

 

(I) 2007tik 2013ko apirilera arte Gipuzkoako tramuetan (Lakuako Gobernuak ordaintzen dituenak oraingoz Madrilgo gobernuari dirua aurreratuz) 1.695 milioi euro gastatu dituzte, 115 milioiko gainkostua suposatzen du horrek. Hain justu “krisialdiaren” garaian. Epealdi horretan zenbat mediku eta irakasleren bajak ez dira bete kostuak murriztearren? Dirutza horrekin zenbat mediku edo irakasle kontratatu zitezkeen? Eta kontuz, ez naiz soilik gainkostuez ari, baizik eta behar ez dugun obra baten kostu osoaz. Bitartean, Estatu Espainolean azken sei urtetan 10.000 milioikoak izan dira gainkostuak. Zenbat murrizketa ekidin zitezkeen diru horrekin?

 

(II) Tartean Corsán-Corviam enpresa eta Adif-eko teknikarien ustelkeria-delituak egon daitezke Bartzelonako sarrerako tramuetan. Eta hemen, Gipuzkoan, enpresa horrek ere obrak egiten ditu. Ez al litzateke gutxienez moratoria eta ikerketa bat eskatu behar guztia argitu artean?

 

(III) Basauri-Galdakao tramoan 11 milioi euro gastatu dira ziurrenik erabiliko ez den biaduktu batetan Bilborako sarrera planak aldatu direlako. Eta aspaldidanik aldaketaren berri izanda ere, obrarekin jarraitu zuten. Komentariorik behar al du datu honek?

 

(IV) Hainbat obra langileen segurtasun neurriak bete barik egiten dira. Hala erakusten dute lehergailuak txarto maneiatzean gertatu ziren hildako batek eta beste zauritu larri batek, besteak beste. Administrazio publikoak ez al lituzke pagatzen dituen obretan langileentzat legezko bermeak (eta enpresentzat zigorrak) ziurtatu behar horrelako kasuen aurrean?

 

Gaurkoan ez dut korolariorik botako, eta ez da nagiaren erruagatik.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago