Herri Harresian zulorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2014ko urt. 20a, 09:36

Nik duda barik nire eskuak jarriko ditut herri eta harresi gisa datorren larunbateko giza katean. Aitortu behar dut ordea harresi hitza ez dudala horrenbeste gustuko. Akaso Sahara, Palestina edo Ceutako harresi genozidak datozkidalako burura, edo agian Harresian Zulo izeneko musika taldea sortu genuelako zirrikitu arteko argi izpiei eta erritmo interkulturalei kabida emateko. Baina, gaur gaurkoz, eskubide zibil eta askatasun politikoen aldeko lanak eta pertsona militante konprometitu askok botere polizial-judizial errepresiboen aurrean babesa behar dute, eta babes behar horretatik dator herria eta harresiaren ideia. Beraz hitz konkretu baten erabilera baino, ideia, keinua eta ekimena dira balio dutenak momentu honetan.

 

Larunbatean eskutik eskura, berotasunez, konpromesuz eraikitako giza-katea ekimen ausarta, berritzailea, polita eta finean beharrezkoa deritzot. Aurretiaz lan eskerga egin da ere: sektore desberdinetako agerraldiak, poesia errezitaldiak, kalejira desobediente arrakastatsu eta hunkigarriak, orotariko bideo eta propagandak, eta bilera eta asanblada mordoa besteak beste. Eta oraindik, ostegun honetan bertso emanaldi erakargarri bat zain dugu. Hala ere, ekintza bakoitzaren gainetik, bigarren ideia edo keinu bat azpimarratzea komeni: elkartasunetik konpromezura pasatzea. Ahalik eta pertsona gehien, bakoitza bere neurri eta arloan, babes sare horren partaide aktibo bilakatzea, hori helburu.


Ekimen bera alde batera utziz, eta nire ohiko duda-mudak plazaratuz (pertsonak etengabean aldaketan ari gara, eta ordea, aldi berean, zorionez eta zoritxarrez, izakera batzuk errepikatzen ditugu behin eta berriz), gau honetan hauxe da burura datorkidan galdera: elkartasunetik konpromezura pasa behar garela garbi dago, baina hasteko, aurretiaz zenbatek oraindik besaulki mututik elkartasunera egin behar dute-dugu salto? Eta nola lortzen da hori? Finean sua nonbait piztuko duten poxpolu ugari asmatu beharko ditugu, eta bidean hitz eta aliatu zaharrak eta berriak egokitu.


Baina barkatu dudak (baliteke gaueko ordu txikitan eta presaka idaztearen ordaina izatea), eta buelta gaitezen Gasteizko Harresiaren giza-katera. Salbuespen politiken aurkako eta epaiketa politikoetan auzipetuen aldeko herri harresiak sendoa, zabala eta anitza behar du izan. Giza-katea, harresia, eskutik eskura sortzea helburu, zure eskuak ere beharrezkoak eta ongietorriak.


Hego Amerika erresistentean abesten zen Nicolás Guillén-en poema daukat harresiaren harira gogoan (adibidez Quilapayun-ek edo Inti-Illimani-k kantatua, baina mesedez ez Ana Belén): “Para hacer esta muralla, tráiganme todas las manos. Los negros sus manos negras, los blancos sus blancas manos. Una muralla que vaya desde la playa hasta el monte, desde el monte hasta la playa, allá sobre el horizonte”. Baina lasai, larunbatean nire ondoan tokatzen bazaizue zin dagit nik ez dudala kanturik egingo.

 

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago