Please make a mistake. Erradikalagoa izan.

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2013ko urr. 14a, 09:36

Unai Villalba


Badira ia lau urte ez dudala telebistarik etxean, eta uste ondo joan zaidala, baina egia esan, orain bakarrik bizi naizela faltan botatzen hasia naiz. Noizbehinka teleberriren bat online ikusten dut ordenagailuan, baita lagunek pasatutako serie edo pelikularik. Hori bai, serieak ingelesez ikusten saiatzen naiz, entzumena praktikatuz, neure buruari denbora galtzen ez dudala pentsarazteko[1]. Bada, serie horietakoren kapitulu baten ildo nagusia hauxe zen: batzuetan akatsak egin behar ditugula bizitzan, agian inkluso aldez aurretik akats izango direla antzemanda ere, finean akatsa zirela onartzeko, eta behin onartuta, ondoren aurrera egin ahal izateko.


Bale, nire esperientzia pertsonalean oinarriturik, ados egon ninteke. Zeu? Zein izan da zure mota honetako azken akatsa? Edo larriena? Gure bizitza pertsonalean espediente orbangaberik duena ez da jaio, edo ez da ganoraz bizi. Baina eta bizitza publiko-politikoan?[2] “Akats” batzuk historia gertu eta urrunekoan eginda daude jada, eta akaso ez dago horiek zertan errepikatu beharrik, ezta? Ni bi “akats”-ekin nabil tematuta azkenaldian:


1) Erradikalagoak, ausartagoak izan behar dugu gure utopia eta proiektu politikoetan. Muga barik imajinatu eta desiratu. Gero bide grisak eta eguneroko kontraesanak etorriko dira, geure tokian toki utziko gaituzte, eta eskuragarri ditugun estrategiak onartu beharko ditugu agian. Baina gure helburu sakonak ez genituzke aldezaurretik horrenbeste moztu behar.


2) Ohiko komentarioak eta egoerak izanik ere, dogma faltsurik ez onartu. Aurreko astean Madrilgo eta Gasteizko gobernuek aurreikuspen ekonomikoak egin zituzten datorren urterako, eta aldez aurretik uste zutena baino apur bat hobeak dira. Hobeak? EAEko kasuan “ekonomia” 0,9% haziko dela (BPG-a), eta hala ere 4700 lanpostu galduko direla diote. Zeintzuk dira politikari horien helburu ekonomikoak? Aberastasuna sortu edo lanpostu duinak? Biak? Kronologikoki lehenengo bata eta agian ondoren bestea?


Nazkatuta nago medioetako tertuliano “adituei” eta agintari politikoei lehendabizi hazkunde ekonomikoa berreskuratu behar dela eta ondoren ikusiko dugula nola  lanpostuak sortuko direla entzuteaz. Batetik, ez da egia. Bestetik, utopia erradikalagoak merezi ditugu.




[1] Zer da denbora galtzea? Horren txarra ote?

[2] “Pribatu-ez politikorik” existitzen al da? Eta alderantziz? Zer den publikoa, pribatua, politikoa ala ez, beste egun baterako utzi beharko…

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago