Loturarik ote?

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2013ko ira. 18a, 14:35

Unai Villalba


Aurreko astean Bizitze-Onaren (Andeetako Buen Vivir hura) inguruko mintegi batetako hiru gogoeta nahi ditut ekarri hona. (1) Garai paradoxikoak bizi ditugula: batetik urgentzia sentsazioa daukagu, zeozer berehala egin behar denaren ustea; bestetik, behar ditugun aldaketak sakonekoak eta epe luzekoak direla geroz eta nabarmenago dakusagu. (2) Eraldaketarako estrategiei dagokionez aniztasuna eta erdibideak zilegi dira: ez pragmatismo redukzionistaren alde, ez eta politika ezin orienta dezakeen holismo edo purismorik. (3) Andeetako mundu-ikuskera indigenatik abiatuta, sakratua denaz eta orekaz hitz eginez: ez badugu espirituala dena gure egunerokotasunean berreraikitzen, gure bizitza praktikoan egiazko aldaketarik sortzeko aukera gutxi izango ditugula.


Eta antza eduki filosofiko sakoneko gogoeta hauetatik abiatuta, nire ikasturte hasierako kezka batzuetara salto egiten saiatu naiz. Eta ostia galanta izan da. Humor Amarillo telebistako saio mitiko horretako jauzi eta kolpeekin pareko dabilen zentzugabeko ostia horietako bat. Baina ostera, kolpearen zakartasunaren ondorioz agian, ideien arteko konexio batzuk argitzen joan dira.


Kataluniako diada eguneko giza-kateak, ez al ditu urgentzia eta epe luzeko aro berri baten irekiera aldi berean irudikatzen? Ez al dira alderdi eta eragile desberdinak pragmatismoa eta sakoneko eraldaketen artean dantza egiten? Jendeak espiritualitateaz ez, baina agian hutsune hori bestelako emozio primarioz ez al du bete?


Eta etxera itzuli begirada, eta ostiatu naiz berriro ere. PNV eta PSEren arteko akordioa medio guztietan. Zer eskaintzen digu akordioak? Nola ubikatu genezake aurreko hiru gogoeten harira? Eta kezkatu eta lotsatu naiz. Nora begira daude politikariak (eta kazetariak)?


Eta lotsa nahiko sentsazio pertsonala denez, neure buruaz senti-pentsatu dut jarraian. Eta lotsa-barik diotsuet maila pertsonalean hiru koordenada horien artean bila banabilela neu ere: urgentzia edo transzendentzia; holismo edo pragmatismoa; eta eguneroko espiritualitatea edo/eta emozioak hobeto kokatzen dakien mapa bat beharko nuke. Bai bizitza pertsonalerako, zein militantzia politikorako.


Gauean, hau guztia idazten eta moldatzen nengoela, ordenagailutik altxa eta etxeko leihotik begira jarri naiz. Eta testua beste era batera bukatu nahi nuen arren, irudia barruan geratu zait, eta plazaratu behar: gizon bat zaborraren kontenedorean bila. Inoiz geratu al zarete begira? Denbora bat pentsakor? Zeren bila ote? Zer izango zaio baliogarri? Zenbat denbora darama gauero zaborra artean bila? Nola hartu zuen bila jartzearen erabakia? Zergatik? Eta gu? Ohituko al gara irudi honetara?

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago