Oraintxe bertan beste toki baten egon nahiko nuke, animali migratzailea nahiko nuke izan, edo haratago, nomada izaerakoa. Udaberrian bidaian hasia izan banintz, non egongo ote nintzake orain udan? Akaso hobe dut buelta askorik ematen ez badiot, nahasiak ditut barrenak eta, hemen nago eta listo. Baina eta zerk errotu nau hemen?
Sorterria, familia-bikotea, lagunak, lana, etxea, kultura, paisaiak, bizi-kalitatea, ezjakintasunak, beldurrek… hainbat faktore eta bizi-esperientziek hemen utzi gaituzte (oraingoz?). Krisiak hainbat lagun beste nonbaiten sustraiak ezartzera bultzatuko al ditu? Sustrai finak izango al dira behin eta berriro aldatu ditzaten? Zelakoak dira sustrai aldakorrak dituzten pertsonak?
Ai-ai-ai, udak ez dit gehiago pentsatzen ez eta idazten uzten. Zuek aspertu baino lehen, udaren lehenengo aste hauetan Gasteizen gustatzen zaizkidan bi gauza kontatuko dizkizuet: auzoetako jaiak eta Jazzaharrean. Kalean egon, musika entzun, dantzatu, ekimen autogestionatuak neurri desberdinetan… Zuek guztientzako ezagunak, ezer berririk ez. Eta bueno, ez dira nahikoak hiri honetan errorik botatzeko, baina hemen gaudenez gero… Elkar ikusiko al dugu baten edo bestean?