Aurrekontuak eta zenbakien irakurketak

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2013ko mar. 14a, 09:31

Unai Villalba

Bestelako gaiak nituen buruan, baina aste honetan lehendakariak aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu duenez, ‘ezinbestekoa’ iruditu zait horietaz hitz egitea. Horixe esan du lehendakariak, bere diru-sarrera kalkuluak eta gastu proposamenak ‘ezinbestekoak’ direla, eta ‘ez dagoela beste alternatibarik’. Bizitza honetan beti dugu aukera desberdinen artean hautatzeko ahalmenik, ondorioak baino ez ditugu onartu behar. Baina zenbakiak hotzak dira gehienetan, eta beraz aurrekontuez hitz egiterakoan diskurtsoa garrantzitsua da, jada Benjamin Franklin-ek bere garaian esan zuen: ‘Nada hay inevitable excepto la muerte… y los impuestos’. Bueno, ez ditut errepikatu nahi egunkarietan ikusi ahal dituzuen zenbakiak, zenbat igo edo jaitsi diren sail bakoitzeko diruak, artikulu labur honetan deigarriak egin zaizkidan ideia batzuk baino ez ditut botako.

Lehenengo tranpa murrizketen zenbatekoa onartzean datza, ostean errazago salduko dute sail desberdinen arteko banaketa. Hots, zergatik %10,8-ko murrizketa orokorra? Klaro, behin hori onartuta, Osasunean ‘soilik’ %4,2-ko eta Hezkuntzan %10,1-eko murrizketak egingo dituztela esatean, ematen du gauza garrantzitsuetan esfortzua egiten daudela, eta justu horretan oinarritzen dira ‘aurrekontu sozialak’ direla esateko. Baina, berriro diot, zergatik %10,8-ko murrizketa orokorra? Aurrekontu horietan ere zera esaten dute, ekonomiaren %1,1-eko  jaitsiera egongo dela (BPG). Orduan, ekonomiaren jaitsiera orokorra ‘soilik’ %1,1-ekoa bada, zergatik arlo publikoaren (eusko jaurlaritzaren) gastuaren jaitsiera askoz handiagoa izan behar? Hori da neoliberalismoaren esentzia, sektore publikoaren murrizketa sektore pribatuaren mesederako.

Bigarren tranpa: sailen arteko diru banaketa ‘ezinbestekoa’. Aurrekontuaren kalkuluan norbaitek arrazoi ‘ekonomikoak’ argudiatu ahal zituen, baina sailen arteko banaketaz ari bagara, garbi dago lehentasun kontuak direla. Orduan, Osasuna eta Hezkuntza jaitsiera txikienetakoak jaso dutenak dira, ados, ondo egina, baina agian aldea oraindik are eta handiagoa izan zitekeen, ezta?

Hirugarren tranpa: aurrekontuak eta politikak. Aurrekontuak oso garrantzitsuak dira, gastatuko diren zenbatekoak kalkulatzeak lehentasunen irudi bat ematen digu. Baina beste gauza bat da zelako politikak egiten diren, hots, nola gastatzen duten diru hori. Adibide bakarra emateko tokia dut: Eskolen jantoki eta garraiorako aurrekontua %0,4 igotzen da: perfekto! Baina jantokien kasuan, diru horren zelako kudeaketa egiten da? Aurreko baten lagun batek azaldu zidan nola bost bat enpresa handik maneiatzen duten jantokien zerbitzu (eta diru) hori, eta nola hainbat eskolari bere garaian zerbitzu propioa izateko aukera zaildu zitzaien, eta nola gaur egun elikadura-subiranotasuna bultzatzen dagoen Larrabetzuko eskolako jantokiarentzat subentzio publikorik ez dagoen (aurrekontua ez da ez igo ez jaitsi, hutsa da).

Azken gogoeta medioentzat: hemengo batzuentzat antza garrantzitsuagoa da aita santua aukeratzeko konklabearen hasiera (ez diot aukeraketa bera baizik eta konklabearen hasiera), eta interneten bata edo bestearen aldeko apustuak nola dabiltzan jakitea, gure diruak zertan eta zergatik gastatu nahi dituzten aztertzea baino.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago