Lapurretak nonahi dirau

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2012ko abe. 10a, 12:12

Unai Villalba

 

Azken egunetan aditzera eman diren (diru) kontu batzuk: (1) Udal mailan. Udaletxeak hilean 49.200 € gastatzen ditu Gonzalo Antón jaunari alokatutako lokal batetan, hamabi hilabetez biderkatuz gero 590.000 € inguru urtean. Arazoa ez da bakarrik dirutza xahutzea, baizik eta Alfonso Alonsok bere garaian egin izan zuen kontratu zikina bere lagun enpresariari mesede egiteko. Komeni da jakitea garai horretan kontratua gainbegiratzearen arduraduna Javier Maroto zela, Ogasun zinegotzia zen heinean.

(2) EAE mailan. Legebiltzarrak 100 iPad erosi eta horiek erabiltzeko hainbat zerbitzuren kontura ia 223.000 € gastatu behar zituen. Azkenean atzera bota behar izan dute EH Bilduren ekimenez. (3) Estatu mailan. Krisia hasi zenetik diru-laguntza publikoaren zenbatekoa banka espainolari 215.691 milioi eurotakoa omen da, Europatik adostutako azken partida barne (aurrekontu publikoari –hiritargoari– are gehiago kostatu zaio, diru-laguntza publiko horiek emateko kredituak eskatu direnez interesak ere ordaindu behar dituelako, eta jakina da honezkero arrisku prima altu dagoela). Bankuek ordea, oraindik ez dute enpresek behar duten kreditu kopurua ematen, eta oraindik herritarrak beraien etxeetatik botatzen dituzte.

Bitartean, egunotan ere enteratu gara langabeziak gora egin duela: Hego Euskal Herrian ia 223.000 pertsona dira jada; Gasteizko Udaletxeak, bere ekarpena egiteko prest, jendea kaleratzeko planak ere omen ditu, eta nonbaitetik hasteko herritarrei arreta zerbitzuko emakumeak soberan daudela dio orain (20-40 tartean).

Gogoeta batzuk: (i) Krisia eta lehentasunak. Dirua egon badago, bankuak salbatzezko bai behintzat, lagunen poltsikoak betetzeko ere, lanpostu eta zerbitzu publikoak mantentzeko agian ez. Krisi finantziero eta ekonomikoa ez dut ukatu nahi, baina horren hastapenean eta horren irtenbidearen atzean lapurreta erraldoi bat dago. (ii) Lehentasunak eta irtenbideak. Zenbakiekin tranpa egin daiteke askotan, baina argigarriak suerta daitezke beste hainbatetan. Eragiketa xinpleak proposatzen dizkizuet: Arreta zerbitzuko zenbat lanpostu mantendu zitezkeen Gonzalo Antonen lokalean gastatutako diruarekin? Zenbat diru banatu ziteken Hego Euskal Herrriko langabetuen artean banketxeak salbatzeko gastatutako dirutzarekin? (iii) Interpretazioak. Diru xahuketa guztiak ez dira berdinak. Azkenaldian asko kritikatzen ari dira politikarien “kastak” gastatzen dituenak (iPad-ak, dietak, soldatak, pentsioak…), baina eta sektore pribatuak gastatzen dituenak? Kezka bat daukat honen harira aspaldi, zer bilatzen dute politikarien gastu pertsonal gehiegikeriak kritikatu bai, baina empresa pribatuen zuzendarien soldatak kritikatzen ez dituztenak? Zer bilatzen dute iPad-etan gastatu beharreko 223 mila euroak uneoro beraien medioetan publikatzen dutenek, eta 215.691.000 mila euroak aipatu ez, edo krisitik ateratzeko justifikatzen dituztenek?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago