Ekonomia Ekologiko-Feministaren aldeko bozka: krisialditik ateratzeko abiapuntuak

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2012ko urr. 17a, 08:57

Unai Villalba


Joan den asteburu luze honetan, Estatuko II. Desazkunde eta Trantsizio jardunaldiak ospatu berri dira Gasteizen. Horietan desazkundearen oinarrien inguruko eta berau praktikara eramateko estrategien inguruko eztabaida, hitzaldi eta tailer ugari egon dira. Larunbat goizean ekonomia ekologikoa eta ekonomia feministaren arteko elkarrizketan sortutako ideia gutxi batzuk kontatu nahi dizkizuet.

Ekonomia ekologikoak, ekosistemak eta natur baliabideak mugatuak direla kontutan hartuta, hazkunde ekonomiko etengabea ez dela posible azpimarratzen du (termino material, fisiko eta energetikoetan ez behintzat). Horregatik ekonomiaren jokabidea, bi logiken menpe egon beharko luke: batetik, jendartearen beharrak asetzea, eta ez nolanahiko merkatuaren bidezko hiperkontsumismoa; bestetik, mundua eta naturaren limite fisiko eta ekologikoen erabateko errespetua eta ekosistemen arteko orekak bermatzea.

Ekonomia feministak, genero desberdintasunetan jartzen du arreta, eta hortik abiatuta ekonomia zer den, definizio bera aldatu beharko litzatekeela proposatzen du. Hots, jendartearen beharrak aztertzen baditugu, horiek ez dira bakarrik materialak baizik eta afektiboak eta zaintza lanetakoak ere. Horregatik garrantzitsua da lana eta enplegu kontzeptuak berraztertzearen eztabaida, zein lan merkatutik pasatzen diren ikusiz eta zelako ordainketa (edo ez) jasotzen duten begiratuz. Horrek noski emakume eta gizonezkoen paperak desberdinak izan ohi direla erakutsiko liguke.

Oso laburturik aipatu ditugun ekonomia feminista eta ekologikoaren abiapuntuak desberdinak dira, baina biek ala biek antzeko ondorioetara eramaten gaituzte krisiari aurre egiteko estrategiei dagokienean: helburua ez da krisi aurreko hazkunde ekonomiko eredura bueltatzea. Langabeziak pertsonengan sortzen dituen ezinegon eta sufrimenduak konpondu nahi ditugu bai, baina horretarako ez dugu onartzen ekonomia (BPG) hazi behar denik ez eta enpresek beraien mozkinak igo behar dituztenik lanpostuak sor ditzaten.

Gaur eguneko lanpostu batzuk soberan daude (militarrak, polizia, industria armamentistiko edo oso kutsakorrak, luxuzko hainbat artikulu, etab.) eta ordea bestelako lanpostu batzuk behar ditugu (ekologikoak, produktu eta materialak birziklatzen dituztenak, ongizatea bermatzen duten zaintza lanetakoak, jakinduria eta arteak bultzatzen dituztenak, etab). Gainera lanpostuok, eta bizitza duin bat mantentzeko beharrezkoak diren beste hainbat lan berraztertu eta birbanatu behar dira. Guztiok ordu gutxiago eman ditzakegu gure lanpostuan, eta lan ordu gehiago eman familia, lagun edo jendartearentzat beharrezkoak diren zaintza lanak egiten. Enplegu ordu gutxiago izateak ez du derrigor esan nahi gutxiago kobratu behar dugunik: produktibitatea igo daiteke, edo mozkinak eta aberastasuna banatu daitezke.

Datorren asteburu honetan hauteskundeak ditugu EAE-n. Ea aurreko asteburuko hausnarketa hauexek zeozertarako balio duten politikarien lana zuzentzeko. Nire bozka[ren parte bat] zuzentzeko bai behintzat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago