Zeintzuk dira galderak?

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2012ko ira. 13a, 10:02

Unai Villalba

 

Galdera egoki, zehatz eta zorrotzak egitea bizitza honetan ikasi beharreko arte bat da, baita nori zuzendu ere jakitea. Galdera aproposak egiten ez dituenak nekez lortuko du erantzun adierazgarri edo baliogarririk. Hala gertatzen da hainbat egunkarietako tituluekin, ekonomia arloan bai behintzat. Azken hilabeteotan egunero, nahi ala ez, arrisku prima zenbatean dagoen enteratu gara.

Estatu Espainolaren erreskatearen balizko kantitateak, eta egin beharreko murrizketen zenbatekoak ere jarraian ageri dira. Hori bai, egunez egun datuak alda daitezke, baina datu madarikatuak egunero ateratzen dira. Hori al da axola zaigun informazio ekonomikoa?

Esfortzu handia egin behar da bakoitzak bere galderak planteatzeko, baina ziur nago praktika kontua baino ez dela. Kolektibo gisa behin ardura hori hartuta berau garatzeko problema handirik ez genuke izango. Hala bada, zera proposatzen dizuet, datozen bi asteetan greba egiteko dauden arrazoien inguruko galdera egokiak luzatzea zeuen inguruan. Nik neuk burua ez dut oso arin kurtso hasiera honetan eta galdera interesgarririk planteatzea kostatzen zait, baina jarraian saiakera xume bat doakizue, klasikoenengatik hasita:

Zenbat lanpostu galdu dira Araban krisi hasieratik, edo lan-erreforma indarrean sartu zenetik? Zenbat enpresek itxi dute edo amaierarik gabeko LEEetan daude? Zenbat arabar familietan ez dago soldata finko bakar bat ere? Zenbat jaitsi dira soldatak batazbestez? Zenbat enpresek mozkin tasa berreskuratu dute behin langileak kaleratu ostean? Zenbat kaleratze egon dira krisia hasi zenetik? Eta galdera hauek lineal eta xinpleak dira, hots, eskala numerikoan erantzun daitezke (datuak segun zeinek ematen dituen aldakorrak badira ere). Zer gertatuko litzateke baldin eta nola edo zergatik moduko galdera konposatuak luzatuko bagenitu? Adibidez, zergatik galdu dira lanpostuak edo zergatik jaitsi dira soldatak baldin eta enpresa batzuek mozkin tasa berreskuratu badute?

Bukatzeko egin dezagun ariketa tonto bat eskuragarri ditugun datu eta sasi-erantzunak zeintzuk diren konprobatzeko. Estatu Espainoleko primaren nondik norakoak badakizkizue edo eta Frantzian Hollandek proposatu berri dituen murrizketen zenbatekoa badakizue, eta ordea, beste galdera multzoaren erantzunak argi ez badituzue, zer egin? Erantzun bikainik baduzue, kalean ikusten nauzuen hurrengoan komentatu iezadazue. Mesedez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago