Erreskatea Espainian

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2012ko eka. 13a, 12:54

Unai Villalba

Heldu da eguna. Hainbatetan entzun eta irakurritakoa, baieztatu eta ukatutakoa, azkenik bete da, Espainiako Erreinuan erreskatea (40.000-100.000 milioi tartean kokatu daitekeela esan digute). Batzuek teknikoki Espainiar Estatuaren erreskatea ez dela argudiatuko dute, banketxeena baizik.

Besteek, erreskatea FROB delakoaren bitartez egiten denez eta Estatuaren zorran eragingo duenez, Estatuak interes diferentziala bere gain hartuko duenez (1.300-3.000 milioi) eta ondorioz defizita igoko denez, eta politiketan eskusartze zuzena ez bada Europar Batasuna eta Nazioarteko Moneta Funtsaren partez gainbegiraketa zorrotza egongo denez, praktikan Espainiaren erreskatea dela esango dute.

Berri ekonomikoak jakinmin eta arreta handiz jarraitzen dituen hiritar zintzoena ere, datu eta deklarazio ugari abiadura bizian oharkabean bata bestearen atzetik doazen honetan, aztoratuta ibiliko da aspaldi ziurrenik. Batzuetan kontraesanak, bestetan datu harrigarriak, gehienetan ezkutaketa kalkulatuak, eta hainbatetan gezur galantak entzungo zituen jadanik. Eta non dira anabasa horren sakoneko  analisiak?

“Adituak” teknizismoetan galduta dabiltza; “politikari profesionalak” euren sasi-lorpenak saldu nahian euren postuak mantentze aldera; eta herritarrak, beraien diru apurrak galduko dituztenaren beldur. Aditu eta politikoez askorik ez dut espero, baina herritarrok sakoneko analisi horiek premia handiz behar ditugu. Gure dirutxoak salbu jarri nahi izatea ez da bekatu, baina kaosaren erdian irteera indibidual horrek gutxirako balioko digu.

Krisi ekonomiko egoera honetan Espainiatik independente behar dugula izan jende gehiagok pentsatuko du noski, eta hala da. Subiranotasun politikoak ordea gutxirako balioko liguke eredu ekonomikoak aldatzen hasten ez bagara. Horretarako sektore eta zerbitzu publikoen defentsa beharrezkoa da, baita banka publikoaren sorrera edo berreskurapena ere, azpiegitura handien moratoria, lan harreman esparru propioa, eta beste hainbat neurri nola ez… Baina horiek baino haratago doazen eraldaketak ere beharko ditugu, esparru anitzetan aldi berean.

Ekonomiari dagokionez, bada garaia Ekonomia Ekologikoa, Ekonomia Feminista eta Ekonomia Sozialaren korronteek aspaldian garatzen doazen proposamenak kontutan hartzeko. Neurri bakar bat kontatuko dut hemen: lanaldiaren murrizketa. Bada txosten ingeles seriorik non asteko lanaldia 21 ordura murriztu beharko litzatekeela baieztatzen den. Hainbat arrazoi daude horretarako: i) lanaldia murriztuta, lanpostu gehiago sortuko lirateke, beraz akabo langabezia; ii) produktiboagoak izango ginateke ere; iii) bereziki interesgarria, enplegu produktiboa eta lan birproduktibo eta zaintza lanen arteko berregituraketa ahalbidetzea, hots, generoen arteko lan banaketa birmoldatu ahal izango genukeela; iv) kontsumoaren gaineko gure ikuspuntua ere aldatu daiteke, gure ongizaterako denbora behar baitugu, eta ez horrenbeste produktu, desazkunde teorien hainbat proposamenekin bat eginez. Sakoneko aldaketetarako neurririk bada beraz, atrebituko al gara?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago