Iritzia

Etika politikan

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2025eko azaroaren 8a

Argazkia: FREEPIK.

"Ustelkeriak zikindutako gobernu hau mantendu, ala erortzen utzi eta hauteskundeak deitu?"

Gaur egungo gobernu zentrala ezkerreko eta eskuineko indarren koalizio konplexu batean oinarritzen da, Pedro Sanchez buru duen egitura sostengatuz. Baina errealitatea gordina da: gobernuburu honek eta bere alderdiak ustelkeriaren itzal luzea dute gainean. Drogak, prostituzioa, diru zuritzea, entxufismoa... kasuren batek baino gehiagok muga etiko guztiak gainditu dituzte.

Eta nire galdera da: ustelkeriak zikindutako gobernu hau mantendu, ala erortzen utzi eta hauteskundeak deitu?

Aitor dezagun estatuko hauteskundeak deituz gero, eskuin kasposoena indartuta ateratzeko arriskua handia dela. Baina, aldi berean, inkestak iraul daitezke, eta ez dago dena galduta. Gainera, printzipiozko pertsona ororentzat, muga etiko zeharkaezinak egon behar dira.

Nik argi dut: PNVkoa, Bildukoa, ERCkoa edo Sumarkoa banintz, ez nioke babesik emango gobernu honi. Horrelako ustelkeria sare bat –eta bere ideologia guztia zaborretara botatzen duen alderdi bat– eusteak ezkerreko proiektu politiko osoa higatzen du.

Koldo eta Abalosen audioak, non emakumeez objetuak balira bezala hitz egiten duten, lotsa apur bat duen edozein presidente politikaren bidegurutzean jarri beharko luke. Baina, itxuraz, Sanchez jaunaren kasuan ez dago bidegurutzerik.

Garai batean, politikari batek esan zidan arlo politikoan gakoa zela "zenbat zabor irensteko gai zaren" frogatzea. Eta badirudi gaur egungo gobernuaren sostengu diren batzuk itotzear daudela…

Txema Tocino.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago