Orain dela hilabete batzuk, pertsona batekin eztabaidatu nuen gai bati buruz, baina hasieratik banekien ez zuela iritziz aldatuko. Hala ere, argudioak ematen jarraitu nuen, harik eta une jakin batean ohartu nintzen arte ez zuela merezi horrela segitzeak, eta hobe zela uztea.
Batzuetan, eztabaidatu egin behar da gure eskubideak defendatzeko, gure ikuspegia azaltzeko edo hainbat gairi buruzko gezurrak desagerrarazteko. Eztabaidei esker eskubide ekonomiko, sozial, linguistiko eta abar asko irabazi dira... Baina aukeratu beharra daukagu zein diren borrokatu beharreko gudak eta zeintzuk ez duten merezi.
Badaude beren burua besteak baino gehiago direla uste dutenak, Jainkoak hatz magikoarekin seinalatu balitu bezala, eta, beraz, beti arrazoia dutela pentsatzen dutenak, haien adimena mundu osokoarena baino gorago dagoelako. Jende horrek energia erretzen digu eta, zerbait irabaz dezakegun eztabaida publiko bat ez bada, agian hobe da —zapaltzen utzi gabe— pikutara bidaltzea eta energia alferrik ez galtzea.
Mark Twainek esan zuen bezala: "Ez eztabaidatu ergel batekin: bere mailara jaitsiko zaitu, eta esperientziagatik irabaziko dizu".
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.