Gaztetan, NBAn jokatu nahi nuen. Saskibaloia oso garrantzitsua zen nire bizitzan, eta gainera, nahiko ona nintzen. Gero, ez nintzen ez NBAra ez ACBko ligara iritsi. Eta orduan gauza bat ulertu nuen: jokalari anonimoa izango nintzen nire bizitza osoan, eta konformatu beharko nuen kaleko saskietan noizbehinka jolastearekin.
Aldiz, orain jende askok ezaguna eta famatua (eta ahal bada, baita aberatsa ere) izan nahi du, oso bestelako modu batean. Adibidez, duela egun batzuk internet bidez zuzenean emandako jipoiaren ondorioz hil zen gizon bat bezala. Jarraitzaile asko izan nahi zituen. Eta izan zituen, baina ezin izan zuen ospe horretaz gozatu, ezta audientzia horrek sortutako diruaz ere. Eta ez da salbuespena. Bada jendea publikoki lotsagarri geratzen dena (edo gauza okerragoak egiten dituena) sare sozialetan arrakasta izateko helburu bakarrarekin.
Lehen, jendeak gaixotasun larri baterako sendagai eraginkor bat aurkituz, koadro ikusgarri bat margotuz eta munduko libururik onena idatziz izan nahi zuen famatua… Orain gazte asko ezagutzen ditut "youtuber" izan nahi dutenak, lanbide gisa, dirua irabazteko modu erraza dela pentsatzen dutelako. Baina ez dira ohartzen horrela aberats bihurtzen direnen ehunekoa oso txikia dela, eta, amets horretatik esnatzen direnean konturatzen dira denbora gehiegi galdu dutela mugikor eta ordenagailuarekin, ikasketak utzi dituztela eta lagun errealik ez dutela… Munstro teknologikoak jaten ditu.
Eta famatua izan nahi zuena gizarte honen txoko batean ahaztuta geratzen da…
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.