Ez dago justifikaziorik zibilen aurkako indarkeriarentzat. Are gutxiago, nazioarteko komunitateak begiak estaltzen dituenean, odola eta sufrimendua eguneroko ogi bihurtzen diren lekuetan. Gaur, Palestina odolez blaitzen ari da berriro, Israelek egindako bonbardaketek eta setio zorrotzek herritarrak gosez eta beldurrez hiltzen dituzten bitartean.
Gazan, umeek egun osoa jan gabe igarotzen dute, ur garbirik gabe, argindarrik gabe, eta etxetik ihes eginda. Etxerik baldin badute oraindik. Bonbak gau eta egun erortzen dira, eta zibilak dira beti galtzaile. Seme-alabak galtzen dituzten gurasoak, ospitaleetan lekurik aurkitzen ez duten zaurituak eta kaleetan lur jota dauden gorpuak dira errealitate gordina.
Israelek segurtasuna aitzakiatzat hartzen duen bitartean, milaka palestinar errukirik gabe hiltzen dira. Baina segurtasuna ezin da eraiki beste herri baten sufrimenduaren gainean. Are gutxiago, gosea arma bihurtzen denean. Janari eta medikamentuen sarrera galarazita, gosez hiltzen diren haurren istorioak ez dira gehiago albiste isolatuak, baizik eta eguneroko tragedia.
Nazioarteko komunitatearen isiltasuna ere salatu beharra dago. Non daude eskubideak defendatzen dituzten erakunde horiek guztiak? Non dago justizia? Palestina ez da kopuru estatistiko bat, ezta albiste labur bat ere; bertako biztanleek bizitza duin bat merezi dute, bonbak, gosea eta etengabeko beldurra gabe.
Ez da posible bakea eraikitzea indarkeriarekin. Ez da bidezkoa herri oso bat zigortzea, mendekua eta kontrola helburu dituen estrategia militar baten barruan. Ezin dugu ahaztu giza eskubideak unibertsalak direla, eta Palestina ez dela salbuespena.
Isilik geratzea konplize izatea da. Eta ez da nahikoa negar egitea; ekintzak behar dira. Eta ekintza horien lehen urratsa egia esatea da: Israelgo bonbardaketak eta setioak amaitu behar dira.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.