Iparraldea

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2024ko abe. 9a, 08:00

Argazkia: TXEMA TOCINO

Deigarria da liburu dendetan euskal gaiei buruzko liburuak dauzkatela, baina guztiak frantsesez, hizkuntza zerbait folklorikoa izango balitz bezala, eta ez komunikatzeko tresna bat.

Parking batean nago. Kotxea barruan daukat eta ez dakit non utzi dudan tiketa. Pixkat urduri nago. Espero dut autoa ateratzeko arazorik ez izatea.

Informaziorako botoia sakatu dut eta ahots batek frantsesez hitz egin dit. Erantzun diot:

- Do you speak English? I don’t speak French.

- ¿Hablas castellano?

Gaztelaniaz konpondu dut arazoa, hotelerantz atera naiz familiarekin.

Nahiz eta Euskal Herrian egon, ez zait okurritu euskaraz hitz egitea, badakidalako ez duela ulertuko. Baionako kaleetan ez da hizkuntza hau entzuten. Badakit Berria egunkariak egoitza bat daukala, ETB ikusten dela eta ez dakit zenbat politika linguistiko egiten ari direla, baina, argi eta garbi, ez dute funtzionatzen. Bitan saiatu naiz euskaraz, baina segidan konturatu naiz saiakera antzua izango dela.

Lapurdiko hiriburuan esaten dute Pays Basque-n bizi direla. Harrotasun osoarekin eskegitzen dituzte ikurrinak kaleetan, eta kartelak (gutxi) daude frantsesez eta euskaraz, baina gure hizkuntza desagertuta dago. Deigarria da liburu dendetan euskal gaiei buruzko liburuak dauzkatela, baina guztiak frantsesez, hizkuntza zerbait folklorikoa izango balitz bezala, eta ez komunikatzeko tresna bat.

Larrialdi linguistikoa daukagu Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan egoera handitzen da. Eta Iparraldean… Iparra galdu dute.

Txema Tocino.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago