Iritzia

B.1

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2024ko eka. 19a, 08:00

Argazkia: PIXABAY

Nire burua ikusten nuen monokulu eta bonbin batekin Erresuma Batuan tea hartzen… Baina errealitateak esan dit gauzak ez direla hain erraz. Beraz, pozik gainditu dudalako eta pisu bat kendu dudalako, baina guztiz konforme ez.

Gustatuko litzaidake esatea konforme nagoela, baina gezurra esango nuke. Ez nago harro, gustora, pozik, nire ingeleseko azterketarekin. Ez. Konforme bakarrik.

Hizkuntza eskolan matrikulatu nintzenetik egon naiz astean bitan klasera joaten, bi ordu eta laurden, etxekolanak egiten, liburutegian ikasten, Netflix ingelesez ikusten… Eta azkenean azterketa gainditu dut eta B.1.en titulua eskuratuko dut. Baina gutxigatik. Pentsatu baino gehiago kostatu zait, eta nire emaitzak ez dira disdiratsuak izan.

Esfortzu honen ostean, pentsatu nuen oso maila altua neukala Shakespearen hizkuntzan. Nire burua monokulu eta bonbin batekin ikusten nuen Erresuma Batuan tea hartzen… Baina errealitateak esan dit gauzak ez direla hain errazak. Beraz, pozik gainditu dudalako eta gainetik pisu bat kendu dudalako, baina guztiz konforme ez.

Bizipen honen ostean, sortu zaidan sentimendua enpatia izan da. Badago jende asko Euskal Herrian gure hizkuntza ikasten ari dena. Bere denbora librea eta dirua inbertitzen duena euskara ikasteko. 

Ez da batere erraza mintzaira bat ikastea zure ama hizkuntza ez denean. Eta batzuetan, azterketak egiterakoan, ilusioz beterik joaten zara gaindituko duzula pentsatzen, eta errealitateak (eta azterketa zuzentzen duenak) zaplazteko erraldoi bat ematen dizu.

Beraz, lerro apal hauetatik besarkada handi bat bidali nahi diet euskaldun berri guzti horiei. Lanarekin, erronka lor daiteke. Animoa mantendu gauzak ez badira ateratzen pentsatzen duzuen moduan. Meritu handia daukazue, eta hori ez dizue inork kenduko.

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago