Europako demokrazia munduko zaharrena dela esaten dute. Grezian jaio zen. Eta hitzaren esanahiari kasu egiten badiogu, herriak boterea daukala ondorioztatuko dugu. Baina gauza bat hitzak dira, eta beste bat egiten dena.
Polonia demokraziaren sorterrian dago. Eta Europako Batasuneko herri horretan zegoen Pablo lanean duela bi urte baino gehiago, inongo salaketarik aurkeztu gabe espetxeratu zuten arte. Hedabide batzuen arabera, Poloniak espia errusiarra izatea leporatzen zion, baina modu formalean oraindik ez dute ezer aurkeztu. Gainera, isolamendu zelda batean sartu dute, eta familia eta abokatuek zailtasunak dauzkate berarekin hitz egiteko. Bi urte horrela. Eta ez da konponbiderik ikusten.
Demokraziaren bitartez guztiok eduki behar dugu defendatzeko eskubidea. Eta, horretarako, bete ez dugun legea zein den esan behar digute. Langile bat akusaziorik gabe espetxeratzea ez da zilegi, eta ez luke legala izan behar. Ez dakit demokraziaren gurasoak nirekin ados egongo liratekeen, baina demokratikoa izendatzen den eremu batean ezin da hau onartu. Europako Batasunak zerbait gehiago egin behar du.
Besarkada handi bat Pablorentzat eta bere familiarentzat.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.