Iritzia

Errealitatea

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2024ko ots. 6a, 08:00

Argazkia: PIXABAY

Produktu honen bitartez, orain arte mugikorrean ikusten ari zinen guztia "sentitu" ahal izango duzu.

Samsung enpresak erraminta digital deigarri bat aurkeztu du. Zure hizkuntza ulertzen ez duen pertsona bati deitu diezaiokezu eta normaltasun osoz hitz egin, esaten ari zarena eta bestearen erantzuna ziztu bizian itzultzen du eta. Apple enpresak, ordea, betaurreko batzuk aurkeztu ditu. Hauek ez dira eguzkirako edo hobeto irakurtzeko, noski. Produktu honen bitartez, orain arte mugikorrean ikusten ari zinen guztia "sentitu" ahal izango duzu. Betaurreko honekin ia ez duzu ezberdinduko zer den errealitatea eta zer ez…

Hizkuntza eskolan ingelesa ikasten ari naiz. Esfortzuz, sentitzen dut aurrerapausoak ematen ari naizela, eta gero eta hobeto ezagutzen dudala Shakespearen hizkuntza. Eta Aikidora gero eta gehiago joaten naiz entrenatzera, eta pentsatzen dut esfortzu horrek pena merezi duela nire osasun fisikoa eta mentala orekatua edukitzeko.

Baina izan daiteke lan guzti honek zentzurik ez izatea. Agian hobe da milaka euroko sakelakoa erostea gauzak errazago eta hobeto egiteko, ingelesez hitz egiten saiatzen naizen bakoitzean erortzen zaizkidan izerdi tantak aurrezteko. Edo, kirola egin ordez, errazagoa izan daiteke betaurreko zibernetiko horiek kokatzea nire begietan (Doritos poltsa eta Coca-Cola erraldoi batekin gertu, noski) eta nire sofatik altxatu gabe unibertso ikaragarri batean mugitzen naizela sentitzea, osasuna galtzen ari naizen bitartean.

Makina batek sortutako irudiak gure errealitatea bihurtuko ote dira? Utziko diogu aparatu bati gure ideiak eta sentimenduak itzultzen? Hain alferrak bihurtzen ari al gara? Ez dakit, agian Platonek bere Haitzuloaren mito ospetsua betaurreko birtualen bidez ikusten dugun errealitatearekin lotuko luke. Dakidana da gero eta leloagoak garela pentsatuko lukeela...

Txema Tocino

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago