Politikan kritikak egitea normala da. Beste taldekoa beti da zure etsaia. Berdin da gauza zentzudunak esaten dituen. Mundu honetan ez da beharrezkoa entzutea, baizik eta zarata egitea eta suari gasolina botatzea. Baina batzuetan, ezberdinak esertzen dira, hitz egiten dute, eta horren ostean, akordioetara ailegatzen dira. Orduan, ohikoena izan behar zena, albiste bihurtzen da.
Gasteizko Udalean PSOE, EAJ eta EH Bildu akordio batera ailegatu dira eta aurrekontuak adostu dituzte. Eta normala den bezala, kritikak egon dira. Baina oposizioak ez du hitz egin Udalak bideratu nahi duen diruari buruz. Hauen gaitzespena izan da PSOEk ezin duela itundu EH Bildurekin, zilegi ez delako.
Euskal Herriko historia beltza ezin dugu ezabatu. Baina aurrera begiratzeko zubiak eraikitzea ezinbestekoa da. Horretarako ezberdinen artean akordioak sinatzea adibide aparta da.
Oposizioak datu objektiboekin aurrekontuak kritikatzen baditu, primeran dago. Azken finean, haien papera da. Baina zirikatzea modu ezberdinean pentsatzen duten gizakiak ados jartzen direlako ez dauka zentzurik.
Beste aukera bat da pentsaera geldiezin batean finkatzea. Eta badakigu jarrera horren ondorioak ez direla batere onak. Azken hau ziurtatzeko, pixkat bat atzerago begiratu beharra daukagu bakarrik...
Txema Tocino
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.