Osasunak Superkoparen partida bat jokatu berri du Barçaren kontra. Eta nafarren entrenatzailea haserretuta zegoen. Jagoba Arrasateren ustez, epaileak ez zuen bere lana ondo bete, eta ezinezkoa izan zen baldintza berdinetan lehiatzea.
Prentsaurrekoan galdera pila bat erantzun zituen gaztelaniaz. Azalpen guztiak eman zituen detaile ugarirekin. Porrot baten ostean zaila da, baina bera profesionala da, eta badaki bere lana bete beharra daukala.
Azken kazetaria Josu Ganuza izan zen, EITBkoa. Jagobak uste zuen galdera hori euskaraz izango zela. Arabian euskara entzungo zuten! Aukera ona munduari erakusteko euskaldunok gure hizkuntza daukagula. Baina Josuk gaztelaniaz egin zion galdera. Eta Arrasatek esan: "Euskaraz erantzungo dizut, ez dudalako ulertzen kanpoko horrenbeste hedabide egonda, gaztelaniaz erantzun behar izatea zuri".
Gol TVn azkar kendu zuten irudia. Ez zeukaten itzultzailerik. Eta Arabiako prentsa aretoan ezta ere. Hori bai, gela horretan gaztelaniaz esandako guztia arabierara itzuli zuten, Espainiako Estatuko kopa herri horretan jokatzen delako diru mordo baten truke.
Azken finean, ezberdindu behar da zein hizkuntza den errentagarria eta zein ez...
Jatorrizko albistea Euskalerria Irratia bidez: Arrasate, Riaden ere euskararen alde
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.