Iritzia

Umerik ez

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2024ko urt. 8a, 12:11

Argazkia: PIXABAY

"Familia bat jai batera gonbidatzen baduzu, senide guztiak gonbidatu behar dituzu, adinagatik edo beste gauza batengatik diskriminatu gabe".

Jaiotza kopurua asko jaitsi da gure hirian. Ikastetxe askotan, ikasturte bakoitzeko bi gela izatetik gela bakarra izatera igaro dira. Egoera pentsatzen duguna baino larriagoa da. Azken finean, gaurko umeak etorkizuneko helduak izango dira. Baina seme-alaba bat edukitzea ez da erraza. Zure bizitza beste era batean moldatu beharra daukazu, ordu libreak murrizten dira, ezin duzu nahi duzun moduan bidaiatu, nekatuago zaude... baina pena merezi du. Ume batek ematen dizun zoriontasuna paregabea da.

"Zer dira umeak? Bigarren mailako gizakiak? Ezin dira ospakizun batera joan?"

Horregatik harrituta geratu nintzen ezkontza batera gonbidatu nindutenean eta esan zidatenean bakarrik helduentzat izango zela. Zer dira umeak? Bigarren mailako gizakiak? Ezin dira ospakizun batera joan? Ezin dute jai batean egon beren gurasoekin? Aparkatu behar ditugu txikiak festetara joateko molestatzen dutelako? Zer nolako gizartea bihurtzen ari gara hori normalizatu bada?

Familia bat jai batera gonbidatzen baduzu, senide guztiak gonbidatu behar dituzu, adinagatik edo beste gauza batengatik diskriminatu gabe. Gero gonbidatuek aukera guztiak hausnartuko dituzte, eta gurasoek erabakiko dute beren seme-alabekin joaten diren ala ez.

Baina adi egon: ezkontzetan umeak diskriminatzen dituzte, baina agureak ez. Bestela agian ezkongaiek beren ezkontza ordaindu beharko lukete...

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago