Jende guztiari bezala, badaude kirol batzuk erakargarriak direla niretzat, eta beste batzuk ez zaizkidala gustatzen; batez ere, oso aspergarriak iruditzen zaizkidalako. Eta horietako bat da golfa. Ez dut inoiz golf partida bat osorik ikusi, baina Jon Rahmen polemikaren berri izan dut, noski.
"Ez dut inoiz golf partida bat osorik ikusi, baina Jon Rahmen polemikaren berri izan dut, noski"
Badirudi Barrikakoa oso ona dela pilota txiki horiek sartzen zelai berdeko zuloetan. Jendea prest dago dirutza ordaintzeko bera ikusteagatik. Bere ospea hain handia izan denez, arabiar batzuek petrodolarrekin jo dute bere atea kontratu erakargarri bat eskaintzeko; eta Jonek, nahiz eta hasieran esan halako tratu bat ez zuela inoiz sinatuko, iritziz aldatu eta proposamena onartu du.
Telebistan, irratian eta egunkarietan kritika zorrotzak bota dituzten kazetariek ezkutatzen dute beren ideologia saltzen dutela ordaintzen dieten talde politikoen arabera. Bitartean, kalean, badago jendea traidore bat dela esaten, eta beraien lanetara joaten dira; musutruk, noski. Dirua ez zaie inporta. Etorriko balitz beste enpresa bat hamar aldiz haien soldata eskaintzen, ez lirateke joango. Tinko mantenduko lirateke haien lantokietan, behera begiratzen, eskaintza tentalaria saihesteko.
"Barrikako Tigreak" egin duena da diruak egiten behartzen gaituena. Droga bezalakoa da, beti gero eta gehiago nahi dugu. Beste aukera bat da hain kapitalista ez izatea eta diruaren gainetik beste gauza batzuei garrantzia ematea. Baina errazagoa da golfean "zulo bat batean" ikustea hori baino.
Txema Tocino
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.