Igandean Gasteizko Dato kaletik paseoan, goiko irudia ikusi nuen. Lehen, denda horretan, kalitatezko koltxoi eta oheak saltzen zituzten. Itxi egin dute, eta halako lo egiteko altzari bat erosteko dirua ez daukan hiritar bat ari da dendaren atean deskantsatzen. Bitartean kristaleko leloak zera dio: "Amestu zenuen…". Baina ez. Ziur aski ez zutela egoera hori amestu.
Pobreak ez dira sare sozialetan ateratzen. Politikariek ez dute beraiei buruz hitz egiten. Eta kaletik jendeak ez ditu ikusi nahi. Ez dute bozkatzen. Ez daukate dirurik. Eta hiritar ohoragarrienak parke bateko banku batean ikusten badituzte ere, ez dira beraien alboan eseriko. Azken finean, ez dituzte gertu eduki nahi.
Gutxi barru Eguberriak. Diru pila bat gastatuko dugu behar ez ditugun gauzetan, eta lehertu arte jan eta edango dugu, orain dela bi mila urte ustezko jainko baten jaiotza ospatzeko. Hori kontatzen den liburuan, esaten dute dirua banatu behar dela, eta errazago dela gamelu bat orratz baten begitik pasatzea, aberats bat zerura joatea baino. Baina kapitalismoak, eta kristauntasunak berak, ideia hau ezabatu dute. Hobe da bizitzea besteen tristeza begiratu gabe. Bestela agian festa izorratuko digute…
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.