Iritzia

Botoiaren Sekretua (Kontakizun laburra)

Erabiltzailearen aurpegia Txema Tocino 2023ko abe. 1a, 06:00

Argazkia: PIXABAY

 "Lasai egon beharko zenuke. Azken finean, hemen egongo zara zure lan bizitza osoan."

1.

Oso urduri zegoen. Asko kostatu zitzaion azterketak gainditzea. Hainbat urte egon zen ikasten, baina azkenean lortu zuen bere helburua: sakatzailea izango zen. Bizitza osorako lanpostua. Langabezia gehiagorik ez. Ezta egoera prekariorik. Eta, gainera, besteen bizitza hobetzen lan egingo zuen. Zer gehiago eska daiteke lanpostu batean?

Aurrean zeukan eraikina oso modernoa zen. Ateak kristalezkoak, Gobernuko zigiluarekin margotuta, eta kanpoan bazegoen kartel bat: "Sakatzaileen bulego zentralak". 

Sakatzailea. Hori izango zen bere ogibide berria. Nahiz eta oposaketak ikasi (eta gainditu) zituen, ez zekien oso ondo zer zen. Bazekien bulego propio bat edukiko duela, ordutegi eta soldata ona. Baina ez zekien zehazki zein zen bere eginkizuna. Baina, bueno, hori ez zen inportantea. Gutxi barru argituko zituen bere zalantzak.

Urrats sendoz sartu zen bulegora. Atearen beste aldean mahai bat zegoen idazkari batekin.

-Egun on.

-Halan ekarri.

-Sakatzaile berria naiz, nire izena da…

-Bai, badakit zein den zure izena. Lehena geratu zinen azterketetan. Zorionak.

-Eskerrik asko.

-Koordinatzailea zure zain dago. Oraintxe bertan abisatuko diot. Mesedez, eseri hango aulki batean. Segidan etorriko da.

-Ados, mila esker.

-Zuri.

Eserita zegoen bitartean, mugikorra atera zuen mezuak ikusteko. Oraindik jende askok zoriontzen jarraitzen zuen.  Gurasoak oso harro zeuden. Eta adiskideak harekin harremanetan jarri ziren berriro. Azken finean, orain pertsona garrantzitsua zen. Eta denek pertsona garrantzitsuengandik hurbil egon nahi dute.

2.

Minutu batzuk zain egon ondoren, gizon bat irten zen igogailutik jantzi bikain batekin eta berarengana joan zen.

-Egun on. Zure zain nengoen. Koordinatzailea naiz.

-Kaixo. Ni…

-Bai. Badakit nor zaren.

-Eta zu, nola deitzen zara? 

-Hemen deitu "Koordinatzaile jauna" deitu behar didazu- Lan honetan oso garrantzitsua da formak mantentzea, gaizki-ulerturik egon ez dadin. Ulertzen?

-Bai, noski. 

-Mesedez, etorri nirekin eta zure bulegoa erakutsiko dizut.

Igogailu moderno batean igo ziren hamahirugarren solairuraino, eta korridore luze batera iritsi ziren. Bi aldeetan ateak zeuden, eskuineko hirugarrenak langile berriaren izena zuen plaka batean.

Koordinatzaileak atea ireki eta bulego handi batean sartu ziren; leiho handi bat eta hiriaren ikuspegi bikaina. Mahai bat ere bazegoen ordenagailu batekin, telefono bat, eta atzean, aulki guztiz ergonomiko bat. Bulegoak ere bere komuna zuen. 

-Eta hona hemen daukazu zure bulegoa. Gustatzen zaizu? Polita da, ezta?

-Leku ederra da, zalantzarik gabe.

-Guztia berria da. 

-Ordenagailua teknologia berriena da. Aulkia oso erosoa da. Eta botoia da berriena. Dena den, zerbait gustatzen ez bazaizu…

-Botoia? Zein botoi?

-Hori. Mahai gainean dagoena. Begiratu ordenagailuko saguaren ondoan.

Mahai gainean kutxa txiki bat zegoen, botoi gorri batekin. Langile berria begira geratu zitzaion, harriduraz.

-Eta zertarako balio du botoi horrek?

-Botoi hori da zu hemen egotearen arrazoia. Funtsezkoa da zure lanerako.

-Benetan? Egia esan, lotsa handia ematen dit hori aitortzeak, baina nire lana zein den galdetu nahi nizuke. Oposizioak onartu arren, ez zait oso argi geratu.

-Lehenik eta behin esan nahi dizut zure lana funtsezkoa dela gizartearentzat. Gu gabe, gizarte hau hondamendia litzateke. Herritar asko eroriko lirateke zoritxarrean. Ezinbestekoak gara. Ulertzen duzu?

-Bai ulertzen dut. Baina zehazki… zein da nire eginbeharra?

-Botoia sakatu behar duzu egunero hamabietan, puntuan.

-Bale. Gogoratuko dut. Zer gehiago egin behar dut?

-Ezer ez.

-Hori bakarrik?

-Bai.

Eta sakatzaile berriak, harrituta, galdetu zion:

-Sentitzen dut, uste dut ez dudala ondo ulertu. Nire lana da botoi hori hamabietan sakatzea?

-Hori da.

-Eta zertarako balio du botoiak

-Hori ezin dizut esan.

-Baina nire lana da eta…

-Zer langile maila daukazu?

-Hirugarren maila.

-Ba bigarren mailakoa izatean jakingo duzu. Oraindik ezin dizut esan. Informazio hori konfidentziala da.

-Bale. Orduan botoia sakatu beharra daukat. 

-Hamabietan.

-Bai. Hamabietan. Hori ulertu dut. Eta gainerako denbora zertan inbertituko dut? Eta ordenagailua zertarako behar dut? Eta..?

-Ez larritu, lagun. Zuk egin ezazu zure lana eta gainerako denboran hobetzeko proposamenak pentsatu.

-Hobekuntzak. Botoi bat sakatzeo? 

-Begira. Uste dut ez diozula garrantzirik ematen egin behar duzun lanari. Ez bazaizu gustatzen, beti uko egin diezaiokezu plazari. Oposizioetan bigarren geratu zenak pozik onartuko du.

-Ez, ez. Ez dut hori esan nahi izan. Ez gaizki ulertu, mesedez. Pozik beteko dut nire lana.

-Ziur baietz. Eskatu sarreran zure fitxatzeko txartela. Bihar hitz egingo dugu.

Eta sakatzaile berria eraikinetik atera zen, pozik ala triste zegoen jakin gabe, eta zalantzaz betea.

3.

Sakatzaile berria bere ordenagailuaren aurrean eserita zegoen. Hamarrak eta laurden ziren eta ez zekien zer egin. Urduri begiratzen zion botoi gorriari, noiz sakatuko zain.

Ordenagailuari begira zegoen eta, ia konturatu gabe, egunkari bat irakurtzen hasi zen. Baina bat-batean pentsatu zuen ez zuela egin behar. Eta ordenagailua arakatu eta zer begiratzen zuen jakiten bazuen koordinatzaileak? Beti esan zezakeen tokiko informazioari buruz informatuta zegoela bere lana hobetzeko. Baina zer lan zen hori? Botoi bat sakatzea? Baina, soldata ona jasotzen zuenez, ordutegi ona eta bulego bikaina zituen, bueltak emateari utzi eta bere ordenagailuari begira jarraitu zuen.

Hamabiak bost gutxitan botoiari begiratu zion antsiaz. Bere ordua zen. Gurasoek gustukoen zuen janaria mahaian jartzen ziotenean eta dastatzeko irrikaz zegoen bezala sentitzen zen. Ezin zion gogoari eutsi! Hiru gutxi, bi gutxi, bat...

Eta azkenean iritsi zen unea! Bere harrotasun guztiarekin, botoia sakatu zuen. Une orgasmikoa sentitu zuen. Bere lana bete zuen. Gizarteak betirako eskertuko zion.

Lanetik irten zenean arraro sentitu zen. Koordinatzaileak deitu zion bere lanagatik zoriontzeko, eta hala ere ez zen pozik sentitzen. Funtzionarioa izatea beste gauza bat zela uste zuen. Pentsatzen zuen sentipena desberdina zela gailurrera iristean. Agian oker zegoen eta beste zerbaitetan aritu behar zuen. Baina bere lehen eguna zen. Pixka bat gehiago itxaron beharko zuen bere lana epaitzeko. Mugikorraren mezu batzuetan lagunek zioten inguruko taberna batean geratuko zirela eta ea joango zen. Ezetz esan zuen. Lanean ez zuen gauza handirik egin, baina oso nekatuta sentitzen zen eta etxera joatea erabaki zuen.

4.

Lehen hilabetea oso txarra izan zen. Izugarri aspertu zen. Egun osoa ematen zuen Interneten egunkari guztiak irakurtzen eta sare sozialak ikusten, bulegoan paseatzen, leihotik begiratzen... Hamabost minuturo pixa egitera joaten zen! Gainera, ez zuen inoiz inorekin topo egiten eraikineko korridoreetan. Goizez sarrerako idazkariak agurtzen zuen eta irtetzean agur esaten zion, eta koordinatzaileak egunak zeramatzan deitu gabe. Inori ez al zitzaion axola bere lana?

Baina gaur egun desberdina izango zen. Errebeldia ekintza bat hastera zihoan. Ez zuen botoia sakatuko. Pikutara. Nekatuta zegoen bere lanarekiko erakusten zuten axolagabetasunaz. Ez zuten bileretara deitu. Atsedenaldian kafea hartzera ere ez zuten gonbidatu. Bere bulegoan bakarrik jaten zuen, existituko ez balitz bezala. Seguru ez zela inorekin gurutzatzen denak bere kontra zeudelako, berria zelako. Eta koordinatzailea haiekin zegoen.

Baina... Eta dena bere irudimenean bazegoen? Ziurrenik, lanean hainbeste denbora libre izateak eragin zion eta arazoak ikusi zituen ez zeuden lekuan. Nahiko estu zegoen arren, pentsatu zuen hobe zela egun batzuk pasatzen uztea eta koordinatzailearekin hitz egitea. Bere arazoak azaltzen bazizkion, ziur aski dena konponduko zen. Edo hori uste zuen.

5.

Bost hilabete zeramatzan bere lanpostuan. Gobernuaren eraikinera joaten zen zonbi baten antzera. Ezer ez zitzaion axola. Bere lana burrunba bat zen. Familiak eta lagunek esaten zioten bikaina zela. Zorte handia zuela funtzionarioa zelako. Ez zuten ulertzen zergatik zegoen hain triste eta saminduta. Haiek lan normalak zituzten, ahalegin handia eskatzen zutenak eta berak baino gutxiago irabazten zutenak. Baina bera baino zoriontsuagoak ziren.

Hala eta guztiz ere, gaur animatuago zegoen. Bere nagusiari talde bilera bat eskatu zion. Azkenean bere lankideak ezagutuko zituela pentsatu zuen. Horrela, agian, talde bateko kidea zela sentituko zuen. Koordinatzaileak baietz eta egun horretan 15. solairuko bilera-gelan (azkena) hitzordua ematen ziola esan zionean, oso pozik jarri zen. Aurrerapauso bat eman zuela uste zuen. 

Bilera gelako atea ireki zuenean gela handi bat zen ikusi zuen. Hogei bat lagunentzako mahai bat zeukan dagokion aulkiarekin. Eta batean koordinatzailea eserita zegoen bere zain. Beste guztiak, hutsik.

-Egun on.

-Egun on. Zer moduz zaude? Gaur aurpegi hobea daukazu.

-Bai. Hobeto nago bai. 

-Pozten nau. Beno ba, hasiko gara bilera nahi duzunean.

-Ez ditugu besteak itxaron behar?

-Besteak?

-Bai. Beste langileak.

-Idazkariari deituko diot? Pentsatu nuen ez zela beharrezkoa, baina nahi baduzu…

-Barkatu jauna… Zenbat langile gaude eraikin honetan?

Eta koordinatzaileak, oso serio, erantzun zion:

-Hiru.

-Hiru? Bakarrik hiru? Horregatik ez nuen jende gehiagorik ikusten! Baina ez dut ulertzen. Eraikin erraldoi hau bakarrik hiru pertsona egoteko?

-Gobernuak duela urte batzuk eraiki zuen eraikina, diru laguntza batetik dirua iritsi zitzaiolako eta gastatu egin behar zuelako. Lehiaketa publikoa irabazi zuen enpresa eraikitzailea kontratatu zuen, eta egiturazko arazo asko egon ondoren, gainkostuekin noski, inauguratu egin zuten. Inaugurazioaren ondoren, hilabete batzuk itxita egon zen eta prentsan eraikin fantasma bat zela atera zen eta politikariak oso urduri jarri ziren, beraz funtzio bat eman behar izan zitzaion, eta horregatik atera ziren zuk onartutako oposizioak. 

-Eta zu…

-Nik antzeko lana nuen gobernuaren beste eraikin batean, eta idazkariak ministro baten konfiantzazko postua da.

-Eta orduan... Zertarako balio du botoiak?

-Ezertarako.

-Ez du ezertarako balio?

-Ez. Ez daude entxufatuta inon, baina postu hau mantentzeko kordinatzaile bat, idazkari bat eta langile bat behar genituen, horregatik atera zen lehiaketa, eta hemen zaude zu. Beste alde batetik, uste dut ez dudala esan behar zuhur jokatu behar duzula. Bestela, oposizio batzuk onartuta ere, kalera joango zinateke.

-Eta egoera hau ohikoa da?

-Uste duzuna baino gehiago.

-Baina…

-Ulertzen dut hau berria dela zuretzat. Lasai egon beharko zenuke. Azken finean, hemen egongo zara zure lan bizitza osoan. Litekeena da ez sentitzea lan handia egiten duzula, baina hori konpentsatu egiten duzu aparteko lan-baldintza batzuekin eta soldata on batekin. Aprobetxatu.

Eta orduan sakatzaile berriak burua makurtu zuen, igogailutik jaitsi zen hamahirugarren solairuraino eta bere bulegoan sartu zen. Aulkian eseri, botoiari tinko begiratu... eta negarrez hasi zen.

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago