Denbora nahikoa daramat ordenagailuaren aurrean eta ez dakit zeri buruz idatzi. Ez nago inspiratuta. Aste honetan betiko berriak entzun eta irakurri ditut. Niretzat zeruaren azpian ez dago ezer berririk.
Ordenagailuaren orri zuriaren aurrean egoteaz nekatu naizenean, pantaila itxi, eta kalera erosketa egitera joatea erabaki dut. Aleakoei esango diet sentitzen dudala, baina aste honetan ez dudala ezer bidaliko. Ez daukat besterik.
Kalera irten bezain pronto, ezagun bat aurkitu dut. Ez dut inoiz berarekin hitz egin, baina gurutzatzen garenean elkar agurtzen dugu. Gaur, ordea, hitz egiteko gogoa dauka.
Eguraldiari buruz hitz egin ostean, esaten dit bere semeak esan diola artikuluak euskaraz idazten ditudala eta gustuko dituela. Eskerrak eman ostean, galdetu ea zergatik ez dudan gaztelaniaz idazten. Nik erantzun diot euskal kultura gustatzen zaidala eta gure hizkuntza zabaltzea eta mantentzea inportantea dela, eta horregatik euskara erabiltzen dudala…
Moztu, eta esan dit (erdaraz, noski) ez duela ulertzen: "Gasteiztar guztiok elkar ulertu ahal badugu… zertarako behar dugu beste hizkuntza bat?".
Bost minutuko eztabaida antzu baten ostean, oso haserretuta bueltatu naiz etxera, eta atea kolpe gogor batez itxi dut. Babo halakoa! Zer uste?! Guztiok garela bere modukoak eta ez zaigula gure kultura inporta? Bakarrik hitz egin behar dela gaztelaniaz, berak esaten duelako? Francoren garaietara bueltatu behar garela?!
Orduan ordenagailuaren aurrean eseri naiz eta erabaki dut artikulu baterako ideia bat eduki arte ez naizela hemendik mugituko…
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.