Ez dakit ea ezagutzen duzuen Kafkaren “Prozesua”. Eleberri horretan protagonistari, Josef K.ri, esaten diote epaitegian prozesu bat irekita daukala. Kontua da inork ez diola argi esaten zein den bere delitua. Istorian zehar burokraten eta beste pertsonaia batzuen artean, Josef K. gaixoa zorabiatzen dute eta azkenean honek onartzen du bere delitua, zein den zehazki jakin gabe.
Kataluniako prozesuarekin antzeko zerbait gertatu zen. Zenbait kargu politiko epaitu zituzten, haien delitua zein zen argi esan gabe. Gero, lege-argudio batzuei heldu zieten epaitzeko. Baina azkenean, estatuko gobernuak nahi zuena zen Catalunyako herritarrek ez erabakitzea beraien etorkizuna. Demokraziaren banderadunek botoa ematea debekatu zuten. Eta, horien artean, gobernu zentraleko egungo presidentea eta bere alderdi politikoa zeuden.
Baina hori iragana da. Gaur gauzak ezberdinak dira. Orain presidenteak boterea mantentzeko akordioak egin behar ditu talde katalanekin. Eta amnistia eskaini die. Delitua izan behar ez zuen zerbaitengatik kondenatzearen konplizea izan zenak, kondena kentzea eskaintzen die. Eta mataza gehiago korapilatzeko, bere alderdiaren egoitzaren aurrean manifestazioa egin dute eskuin muturreko pertsona askok. Ekologia, eskubide sozialak edo bestelako gaiak defendatzeko inoiz manifestatu ez diren herritarrak, amnistiaren aurkako aldarrikapenak egiteko elkartu dira.
Eta korapilo hau saihesteko, ez zen errazagoa izango Katalunian bozkatzen uztea?
Prozesua liburua amaitua ez dagoenez, ez dakigu zer gertatu zen Josef K.rekin, baina ziur aski, Kafka bizirik egongo balitz, hartu ahal zituen ideiak egungo Teleberria ikusten…
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.