Amak deitzen zuela ikusi zuenean, urduri jarri zen. Ez zuen egun ona. Ez zuen berarekin hitz egin nahi, baina bazekien erantzun egin behar zuela. Ama oso urrun zegoen eta faltan botatzen zuen. Gurasoekin eta anai-arrebekin hazitako etxean egotea gustatuko litzaioke. Bere herrialdean, eta ez han. Baina berandu zen. Tranpan erori zen. Handik irtetea ez zen batere erraza izango. Bidaiagatik zorrak ordaindu behar zituela esaten zioten. Bizitza izorratu diote.
Bere pentsamenduetan murgilduta zegoen bitartean, telefonoak deika jarraitzen zuen. Azkenean erantzun zuen:
- Kaixo, ama.
- Kaixo, alaba. Zer moduz zaude?
- Ongi.
- Zer moduz herrialde horretan? Pozik zaude?
- Bai, ama. Pozik nago, baina faltan botatzen zaituztet.
- Ez dizute opor egunik ematen? Gu ikustera etor zintezke...
- Oso lanpetuta nabil. Oso postu garrantzitsua daukat hemen, badakizu.
- Badakit, alaba, badakit. Baina guk ere zure falta sentitzen dugu. Gainera, gero eta gutxiago deitzen diguzu.
- Barkatu, ama. Ahaztu egiten zait. Neka-neka eginda nator etxera hainbeste lan egiteaz.
- Ez kezkatu. Ulertzen dut. Ondo jaten ari zara?
- Bai, ama. Baina ez dut zuk bezain ondo prestatzen.
- Pozten naiz. Badakizu ondo elikatu behar duzula.
- Badakit, ama.
- Orduan jabea bere gelara hurbiltzen entzun zuen. Lehenbailehen amaitu behar nuen elkarrizketa.
- Barkatu, ama, baina eskegi behar zaitut.
- Ez duzu aitarekin hitz egin nahi?
- Ez dut astirik. Beste egun batean deituko diot. Esaiozu maite dudala. Musu bat biontzat.
- Beste bat zuretzat, alaba. Maite zaitugu.
Eskegi ondoren, burdeleko nagusia bere gelan sartu zen. Bahitu zuen mafiak esan zion bere zorra ordaintzeko, prostituitzeaz gain, sexua izan behar zuela jabearekin eta nahi zuten gizon guztiekin, nahi zutenean. Hasieran uko egin zion, baina lehen jipoiek erabakia aldatzea eragin zioten.
Bere ametsik txarrenetan ere ez zuen pentsatuko modelo bila zebilela iragartzen zuen hura tranpa bat zenik. Baina iraganera begiratzeak ez zuen ezertarako balio. Egunen batean bizirik ateratzeko itxaropena besterik ez zuen.
Txema Tocino.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.